Lan gatazkak

Zardoya Otisen greba beste bi astez luzatu dute

Azaroaren 22an hasi zuten lanuztea, lan hitzarmen propio bat eskatzeko.

Zardoya Otiseko langileen manifestazio bat, artxiboko irudi batean. ELA
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 13a
12:12
Entzun

Zardoya Otis S.A. igogailuak instalatzen eta mantentzen dituen enpresa bat da, eta ordezkaritzak ditu Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan.

Enpresa hitzarmen propioaren alde hiru asteko greba hasi zuten azaroaren 22an. ELAk jakinarazi duenez, beste bi astez luzatuko dute orain, abenduaren 27ra arte.

Zardoya Otisen enpresa hitzarmena dute, baina Espainiako adar osoari ezartzen diote. Hitzarmena eguneratu gabe dute iaztik, eta une hauetan ari dira negoziatzen, Madrilen. ELAk salatu duenez, negoziazio horietan «zuzendaritzak ez du kontuan hartzen Euskal Herriko langileen iritzia».

Hitzarmena indarrean izango den urte bakoitzerako soldata igoera «duina» hitzartzea nahi du ELAk, eta nabarmendu du multinazionalak «etekin handiak pilatzen» dituela. Lan karga «nekagarriei» aurre egiteko langile gehiago ez kontratatzea ere salatu du. «Teknikari bakoitzak mantendu beharreko igogailu kopurua etengabe handituz eta segurtasun eza sortuz, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat». Gainera, ez da lanaldia gutxitu nahi, «Euskal Herriko hitzarmenena baino handiagoa izanda ere».

ELAk uste du, gainera, hitzarmenaren negoziazioan oso elementu garrantzitsuak daudela, eta ez direla lantzen ari Madrilen, hala nola langileek lana egiteko beren gain hartu behar dituzten kostuak (dietak, aparkalekua...), laneko osasunarekin zerikusia duten elementuak eta laneko arropa egokiena ez izatea, eta lana digitalizatzeak lan taldearentzat eta erabiltzaileentzat dakarren arriskua.

Sindikatuak uste du konponbidea negoziazioa Euskal Herrira ekartzea dela, eta itun propio bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.