Sei omikron kasu atzeman dituztela jakinarazi du Sagarduik

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan detektatutako kasuetako bat atzerrira egindako bidaia batekin lotuta dagoela, baina gainerakoak «komunitarioak» direla. Nafarroan, atzemandako bi kasu omikron aldaerakoak direlako susmoa dago, baina ez dute baieztatu.

arantxa iraola
2021eko abenduaren 14a
17:54
Entzun

«Euskadin sei kasu atzeman ditugu ziurtasunez omikron aldaerakoak», azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hedabideen aurrean gobernu kontseiluaren ostean egin duen agerraldian. Eta, horiei begira, aldaeraren «transmisio komunitarioa» dagoela ondorioztatu du: izan ere, kasuetako bat «kanpora» egindako bidaia batekin lotuta dago, baina besteetan ez dago horrelakorik, eta, beraz, ulertu behar da Euskal Herrian bertan kutsatu direla positibo eman duten horiek.

Osasun sailburuak aditzera eman duenez, bost kasu Bizkaian atzeman dituzte, eta bat Araban. Aitortu du munduko beste bazter batzuetan zer gertatzen ari den ikusita pentsatzekoa dela Euskal Herrian ere heda daitekeela aldaera hori: «Ez litzateke arraroa izango zabaltzea, aurrez beste hainbat aldaerarekin gertatu den eran». Adierazi duenez, sei kasu hauek baieztatu badituzte ere, litekeena da aurreragoko azterketek kasu gehiagoren berri ematea.

Omikron aldaeraren hedapenaren albisteak gero eta ugariagoak dira mundu zabalean. ECDC erakundeak berak atzo onartu zuen hasieran «bidaiekin lotutako» kasuak besterik ez zirela ageri, baina orain ja «transmisio komunitario etengabea» suma daitekeela kasuen eboluzioan. Argitzeko dago oraindik zehatz-mehatz zer ezaugarri dituen aldaera horrek, baina, hainbat ikerketaren arabera, bizkorrago zabaltzen da.

Pandemiaren eboluzioaren berri emateko gainerako datuak ere eman ditu Sagarduik. Esan du atzo Osakidetzak 1.984 test postibo atzeman zituela, eta hamalau eguneko intzidentzia metatua 969,5 kasukoa dela; izurria hasi zenetik izan den gorenean dago. 332 COVID-19 paziente daude Osakidetzako erietxeetan, eta 92 ZIUetan.

Nafarroan, susmoak

Jaurlaritzaren antzera, Nafarroako Gobernua ere erne da omikron aldaerari. Berriki, Osasun Departamentuak jakinarazi du herrialdean atzemandako bi kasu aztertzen ari direla, omikron aldaerakoak izan daitezkeelakoan. Ordea, gobernuak argitu du oraindik ez dagoela baieztapen ziurrik. Sekuentziazio lanetan dihardute, oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.