EAE-ANV: "Hautes mahai denetan egongo dira gure zerrendak"

Antxon Gomez idazkari nagusiaren arabera, "ezkerreko independentisten eskura" egongo dira alderdiaren botoak, "instituzio guztietan ahotsa entzunarazteko". Bihar manifestazioa egingo dute, Bilbon. Otegik dio "prozesu demokratikoaren alde herri denetan bozkatu" ahal izango dela.

2007ko maiatzaren 11
16:23
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin du bart Auzitegi Gorenaren erabakia, eta EAE-ANV alderdi legezkoaren 133 hautagaitzek -eta Abertzale Sozialistak hautesle elkarteen 252 zerrendek- ezingo dute Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu maiatzaren 27an. Antxon Gomez EAE-ANVren idazkari nagusiak gaur esan du "erasoa larria" dela hori, "baina Euskal Herriko hautes mahai denetan egongo dira EAE-ANVren zerrendak, ezkerreko independentisten eskura". Halaber, alderdiak bitartekoak jarriko ditu "udal eta instituzio guztietan ezkertiar eta abertzale guztion ahotsa entzunarazteko". Oraingoz, ez du zehaztu zer era erabiliko duen.

Gomezen ustez, boto horiek "ez dira baliorik gabekoak" izango. "Boto gorria eta separatista eman nahi duen ezkerreko eta abertzale jendeari botoa eta hitza emango diegu".

Gaitzetsi egin du EAE-ANV eta ASko zerrendetan "herritar kutsatuak" daudela esatea. "Eskubide zibil eta politiko denak dituzten herritarrak dira horiek".

EAE-ANVk argi du beren zerrenden kontrako erabakia irizpide politikoetan oinarrituta hartu duela Auzitegi Konstituzionalak. Hala esan du Mikel Gastesi Iruñeko Udalerako zerrendako bigarrenak Euskadi Irratian gaur: "Argi dugu egoera antidemokratiko bat bizi dugula, eta beste behin ere erabaki politikoetan oinarritutako ebazpen judizialek eskubide urraketa larria ekarri dutela gizarte sektore zabal batentzat".

Prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen alde, ilegalizaziorik ez! lelopean, bihar manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, EAE-ANVk deituta. 17:30ean hasiko da, Aita Donostian.

"Herri blokea" sortu nahi du Otegik

Arnaldo Otegi ezker abertzalearen buruzagiak "prozesu demokratikoaren alde herri denetan bozkatu" ahal izango dela ziurtatu du gaur, AS hautesle elkarte denen eta EAE-ANVren 133 hautagaitzen baliogabetzeak baloratzeko eman duen prentsaurrekoan. Herritarrei dei egin die halako bozka eman dezaten, "elkarrizketa, akordio politikoa eta konponbide prozesua martxan jartzearen aldeko herri blokea sortzeko". Otegik ere ez du zehaztu formula.

Haren ustez, baliogabetzeak "PSOEren eta EAJren erabaki politikoa" dira, "eta gatazka politiko eta armatuaren konponbideari 'ez' esaten diete horrela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.