Albistea entzun

Euskarafobia

Euskararen aurkako diskurtsoa sarean nola eraikitzen duten aztertu dute Alemaniako bi ikertzailek

Sareetan gertaturiko eztabaidak aztertu dituzte, besteak beste euskara administrazioan erabiltzeko lege berrien inguruan eta hezkuntza sistemari buruzko albisteen harira sortutakoak. Bederatzi artikulutatik ateratako 1.222 iruzkin bildu dituzte.

Euskal Herrian Euskarazek hizkuntza eskubideen alde eginiko manfestazio bat. 2018ko martxoaren 24a, Iruñean.
Euskal Herrian Euskarazek hizkuntza eskubideen alde eginiko manfestazio bat. 2018ko martxoaren 24a, Iruñean. Idoia Zabaleta / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko abenduak 16 13:29

Kataluniako Revista de llengua i Dret aldizkariak argitaratu du, abenduko zenbakian, Karolin Breda eta Philipp Kraemer ikertzaile alemaniarrek eginiko azken ikerketa. Aztertu dute zer argudio eta mekanismo erabiltzen dituzten euskarafoboek Interneteko eztabaidetan euskarari zilegitasuna kentzen saiatzeko.

Countering linguistic rights in Spain through language making: The dicursive delegitimization of Basque in online debates (Hizkuntza eskibideei aurka egiten Espainian, lengoaia sortuz: euskararen deslegitimizazio diskurtsiboa sareko eztabaidetan) du izenburu ikerketak. Ikertzaileek aztertu dute zer estrategia nagusi erabiltzen dituzten euskara bultzatzeko ahaleginei aurka egiteko.

Sareetan gertaturiko eztabaidak aztertu dituzte, besteak beste euskara administrazioan erabiltzeko lege berrien inguruan eta hezkuntza sistemari buruzko albisteen harira sortutakoak. Bederatzi artikulutatik ateratako 1.222 iruzkin aztertu dituzte, El Mundo, Abc, El Español, El Correo eta El Diario Vasco hedabideek argitaraturikoak.

Ondorioztatu dutenez, euskararen inguruko politika publikoa «hizkuntza nazional eztabaidaezinaren aurkako inposizio gisa aurkezten dute ustez hutsaren hurrengoa den hizkuntza bat, eta nazionalisten egitasmo baten parte gisa, elite baten mesederako bultzatua».

Mundua alderantziz

Sareetako erabiltzaile askok salatu dute euskarafoboen diskurtsoetan «mundua alderantziz» aurkezten dela azken boladan, hau da, gazteleradunak bazterkeriaren biktima balira bezala, nahiz eta errealitatea guztiz kontrakoa den. Ikertzaileek baieztatu egin dute irudipen hori: ondorioztatu dutenez, euskara eta gazteleraren arteko «rolen inbertsioa» erabiltzen da euskarari zilegitasuna kentzeko erabiltzen den diskurtsoaren oinarrian. «Gazteleradunen hizkuntza eskubideak erabiltzen dira mugak jartzeko euskara bultzatzeko aipatzen diren eskubideei».

Ikertzaileen arabera, euskarak berez duen baino askoz pisu eta ahalmen handiagoa balu bezala aurkezten dute, hartu duen lekua zalantzan jartzeko. «Aurkariek aurkezten dute euskara indartsuegi bihurtzen ariko balitz bezala, edo dagoeneko indartsuagoa balitz bezala, gazteleraren aldean».

Egileek azaldu dute euskarafoboen diskurtsoan nola jartzen den behin eta berriz zalantzan euskararen garrantzia eta herritarrari euskaraz jakiteak egiten dion mesedea.

Horrez gain, batuaren eta euskalkien arteko harremana erabiltzen da artifizial gisa aurkezteko hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan erabiltzen den euskara, eta hizkuntzaren historian transmisioa eten den ideia zabaltzeko.

Konspirazio teoriak

Euskarafoboen argudioen artean, konspirazio teoriak ere eraikitzeko erabiltzen den ideia bat nabarmendu dute: euskara pertsona talde txiki eta itxi baten hizkuntza gisa aurkezten dute, eta gaztelera, aldiz, kohesio sozial eta nazionalerako tresna unibertsal baliagarri moduan. «Horren bidez, euskara lau katuren hizkuntza moduan eraikitzen dute, baina ekonomikoki eragin handiko gutxiengo batena balitz bezala, eta zilegitasuna duen gehiengoa mehatxupean jarriko balu bezala».

Euskararen kontrako mekanismoak berdin erabiltzen dira beste hizkuntzen aurka, antzeko egoeretan, ikertzaileen arabera.

Bredak BERRIAri azaldu dionez, «alderantzizko diskriminazioa» multzoan sailka daitezkeen arrazoibide berdinak aurkitzen dituzte galizieraren inguruko eztabaidetan, esaterako.

Frantziaren menpeko Guadalupeko eta Reunioneko kreoleren inguruko eztabaidetan pareko argudioak erabiltzen dituzte, Kraemerren arabera, baita okzitanieraren, alsazieraren eta bretoiaren kontra ere. «Euskararen egoera nabarmentzekoa da dimentsio historikoari dagokionez. Ez bakarrik Espainiaren XX. mendeko historiarengatik, baizik eta 'hemen zein zegoen lehenago' argumentua erabat ezberdina delako, hizkuntzaren iragana oso berezia baita». Beraz, euskararen aurkako diskurtsoak ikertzeak lagundu egiten dio ikertzaileari hobeto ulertzen «minorizaturiko hizkuntzen aurka orokortu samar dauden halako diskurtsoak nola moldatzen diren» beste egoeratara.

Lan horrek norabide bereko ikerketa gehiago egiteko akuilua izatea espero duela gaineratu du Bredak.

Franfurteko Viandrina Unibertsitateko ikertzailea da Breda, Pragmatika eta Linguistika Kontrastatuaren Departamenduan, eta euskalduna da. Tesia euskalkien inguruko jarrerei buruz osatu zuen. Kraemer, berriz, Berlingo Unibertsitate Libreko ikertzailea da, eta hizkuntzaren, kolonialismoaren eta ideologiaren arteko harremanak aztertzen ditu. Ikerketa osoa hemen har daiteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Osasungintza publikoaren alde Bilbon egin duten manifestazioa, gaur. ©Aritz Loiola / Foku

Milaka lagun mobilizatu dira osasungintza publikoaren alde Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Paulo Ostolaza

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzak bizi duen egoera «jasangaitza» salatu dute. Neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Epaiketa gaitzesteko Lekarozko (Nafarroa) plazan bildu diren herritarrak, gaur. ©Aroztegiaren aurkako mugimendua

Babesa adierazi diete Aroztegiko proiektua gelditzeagatik deklaratzera deitutako herritarrei

Paulo Ostolaza

«Enpresa espekulatzaile eta suntsitzaileen menpe dauden gobernu eta epaitegiek, sei herritar deitu dituzte deklaratzera, baina proiektu hau herri oso batek gelditu du», adierazi dute. Urtarrilaren 27rako elkarretaratzea deitu dute.

Hiru ertzain kontrol batean, artxiboko irudi batean. ©Juan Herrero / EFE

52 urteko motorzale bat hil da Villabona parean

Berria

Ezbeharra 15:50ak aldera gertatu da. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

Bartzelonako ikastetxe bateko ikasleak gelan, artxiboko irudi batean. ©QUIQUE GARCIA / EFE

Nola ondu hezkuntza lege bat

Irati Urdalleta Lete

Katalunian, adostasun zabal batekin onartutako hezkuntza akordioa eta legea dituzte. Eztabaidarik ez zen falta izan: itunpeko eskolen ingurukoa, autonomiarena... Adostasun osoa puntu bakar batean izan zuten: katalanezko murgiltze ereduan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.