Eguberrietako ospakizunetan taldeak mugatzeko gomendioa egingo du Eusko Jaurlaritzak

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela eskumenik pertsonen bilkurak mugatzeko, baina bai aholkuak emateko. Maskara espazio irekietan une oro erabiltzearen alde dago lehendakaria. Sagarduik jakinarazi du beste 2.508 positibo atzeman dituztela azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iñigo Urkullulehendakaria Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 17a
10:37
Entzun

Eusko Legebiltzarrean kontrol saioa egiten ari dira goizean; urteko azkena izango da. Pandemiaren bilakaera okerrera doala ikusita, oposizioak Eusko Jaurlaritzari galdetu dio ea zer neurri hartuko dituen birusaren hedapena geldiarazteko eta osasun publikoa indartzeko. Iñigo Urkulllu lehendakariak iragarri du Eguberrietako ospakizunei begira Jaurlaritzak gomendio sorta bat aterako duela. Zehaztu du Jaurlaritzak «muga legal eta juridikoak» dituela neurri batzuk hartzeko, eta horregatik aholku edo gomendioak soilik emango dituela. Hala, Gabonetako ospakizunetan bil daitekeen pertsona kopurua mugatzeko gomendioa emateko asmoa du Jaurlaritzak, eta gomendatuko du talde topaketak kopuru mugatu batekin eta kideen osaera aldatu gabe egitea. Halaber, maskara une oro erabiltzearen alde agertu da Urkullu, baita kanpoaldean ere, baina horretarako Espainiako Gobernuak indarrean den dekretua aldatu behar duela gogoratu du.

Era berean, adierazi du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela positibo berriak bilatzeko, kasuen eta kontaktuen test gehiagoekin, eta horretarako, testak egiteko hitzorduetarako ekipoak indartzeko puntuak gehitu direla. Horrez gain, COVID ziurtagiria «posible eta erabilgarria» den eremu guztietara zabaltzeko egindako urratsak nabarmendu ditu Urkulluk. Txertaketari dagokionez, azpimarratu du Osakidetza lanean ari dela hirugarren dosia zabaltzeko eta hamabi urtetik beherakoei txertoa «ahalik eta azkarren» jartzeko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak lehendakariari gogorarazi dio duela gutxi esan zuela litekeena zela pandemiaren bilakaeran joera aldaketa bat izatea, baina datuek justu kontrakoa erakusten dutela. Neurri nahikorik ez hartzea egotzi dio Gorrotxategik Jaurlaritzari, eta salatu ez dela ulertzen seigarren olatuan Jaurlaritzak «inprobisazioz» jardutea. Salatu du, halaber, lehen arretan «tentsionatuta» dagoela aspaldi, eta osasun sistema ez dagoela behar bezala prestatuta pandemiari aurre egiteko. Gorrotxategik esan du ardura guztia ezin dela herritarren esku utzi, eta neurriak lehenbailehen hartzeko galdegin dio, hala nola aztarnari gehiago kontratatzea, leku itxietan aireztapena bermatzea, prebentzio neurriak indartzea eta herritarren osasun arreta egokia bermatzea.

Ospitaleen egoera

Bestalde, pandemiaren bilakaeraz mintzatu da Gotzone Sagardui Osasun Sailburua, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Sagarduik jakinarazi du azken orduetan 2.508 positibo atzeman dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain 306 pertsona daudela gaitzarekin ospitaleratuta, eta 99 ZIUetan, larri. Hain justu, ospitaleetan kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu dela iragarri du. Zehazki, ZIUetan aurreikusitako bost agertokietatik hirugarrenera igaro da, hau da, unitate horietan 146 ohe gehiago ireki ditu, 427 oheraino, covid-19ak ospitaleetan eragindako presioa handitu baita. Hala ere, Sagarduik azpimarratu du osasun sistemak eutsi egiten diola egungo egoerari, baina ezinezkoa dela olatu berri honi aurre egitea «ondoriorik pairatu gabe». Osasun sistema eta lehen arreta indartzeko zer neurri hartuko dituen galdetu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Sagarduiri, baina hark ez du neurri berririk iragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.