Albistea entzun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Arrakaletatik loratu da

Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, lehenengoz, Jone Uriarekin buruz burukoa jokatu ondoren. Final bizia izan da, eta zortzi bertsolariek ale politak utzi dituzte.
Giro kronika: Ziurtagiria eta harrera ziurra
Analisia: Pausoz pauso gailurrera
Horrela kontatu du BERRIAk

Nerea Ibarzabal, gaur arratsaldean, txapela jantzi berritan.
Nerea Ibarzabal, gaur arratsaldean, txapela jantzi berritan. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2021eko abenduak 19 09:40

Badu txapelduna 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak: Nerea Ibarzabal Salegi. Jone Uriarekin buruz buru aritu ondoren, 874,5 puntu eskuratu zituen Markinakoak. Harry Potterren filmetatik hartutako doinu batekin kantatu zuen hasierako agurra, eta lehen une horretatik piztu zituen entzuleak. Haren ondotik sailkatu ziren, azkenean, Etxahun Lekue Etxebarria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Guztien artean final biribila osatu zuten atzo, Miribillako Bilbo Arenan.

Zortziko handiko lanak gogoetarako baliatu zituzten bertsolariek. Neba-arrebak ziren Ibarzabal eta Lekue, eta, lanaren ondorioz, gurasoek ez zuten beraiekin egoteko denbora askorik hartzen. Hala hasi zuen ofizioa Ibarzabalek: «Ni pozik nago gurasoekin/ gaueko afarietan/ neke itzel bat sumatzen baitut/ koittaduen begietan». Zorrotz erantzun Lekuek: «Ze ez nago ziur dan ezin daben/ edota ez daben gura». Parkeko beste guraso batzuen jarrera pasiboa salatu zuen Ibarzabalek, eta zaintzaileari keinu bat eginez amaitu zuen bertsoaldia Lekuek: «Purik hobeto ezagutzen gaitu/ gure aita ta amak baino».

Ordura arteko epela berotu zuen zortziko txikiko ariketak. Galletebeitiak eta Lekuek eragin zituzten barre algararik handienak publikoan. Bikotekideak ziren bi bertsolariak. Galletebeitia etxea garbitzen ibili ondoren, gauzak tokiz aldatuta topatu zituen nahiko despistatua zen Lekuek. Honela ekin zion Galletebeitiak: «Zahartzen zoazenez/ zu azkenerako,/ entrenamendua da/ memoriarako». Arin Lekuek: «Memoria ez, umorea/ galtzen dot atoan». Galletebeitiaren bigarrenarekin ere, barre publikoak: «Hurbilekoa urrun/ urruna hurbila./ Jolastu nahi al duzu/ altxorraren bila?».

Umorez landu zuten gaia Bizkarrak eta Uriak ere. Lagunak ziren bi bertsolariak, eta Hatortxu Rock jaialdia bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko bertso finalera joateko erabakia hartu zuten. Bi ekitaldiei erreferentzia eginez, hala esan zuen Bizkarrak: «Baina pareko horrek,/ ze aurpegi talo?/ Ta horrek akanpatu du/ eserlekuan lo». Fin erantzun zion Uriak: «Baina, behintzat, ez dira/ Lizaso, Andoni./ Pago ta Bizkarekin/ a muerte nago ni».

Hamarreko txikiko ariketak ere ale politak utzi zituen. Ikaskideak ziren Enbeita eta Lekue. Euren gelakide batek astero egiten zituen eraso homofoboak irakaslearen aurka; horrekin nekatuta, gelakideari kontra egiteko proposatu zion Lekuek. Enbeitak hasiera: «Beldur naz, baina arrazoi daukazu gaur hara./ Norbaitek esan behar deutso: nahikoa da!». Aurre egin ezean irakasleak erasotzailearen alde daudela pentsatuko duela erantzun zion Lekuek, eta lehen urratsa berak egiteko eskatu Enbeitak: «Errezago daukazu,/ gizona zara-ta». Konplizitatez amaiera Lekuek: «Nik emoterakoan zuri ostikada,/ Onin, biok batera altxatuko gara».

Bakarkako lanean, eutanasia eskaera egin berri duen gaixoaren larruan kantatu zuen Galletebeitiak. «Badakit heriotzari/ aurre hartuko diodala». Eta hirugarrenarekin biribildu zuen: «Zain egon gabe joatea,/ hori da lehen baldintza».

Irabazlea ere fin aritu zen bakarkako ariketan. Liburua argitaratu zuela denbora bat igaro bazen ere, isiltasuna nabaritzen zuen inguruan. Dotore amaitu zuen bertsoaldia: «Ta mutu-mutu dagoen hori/ mutu geratu dadila./ Gu elkartzeko egin nuen hau,/ ez euren erantzun bila».

Pagonabarragak eta Etxebarriazarragak ere (lehen aldiz aritu ziren finalean) ale politak utzi zituzten. Urteak bakarrik bizitzen igaro ondoren, harrera familien beharrizana dagoela irakurri zuen Pagonabarragak komunikabideetan. Txalo zaparrada beroa jaso zuen bigarren bertsoaldiaren amaieran: «Askorik jaso ez dudan arren,/ asko daukat emateko». Etxebarriazarraga, berriz, kulturgintzako langilea zen, eta ohartu zen azkenaldian emakumeak direla antolatzen diren ekintzetara joaten diren gehienak . Zorrotz aritu zen gernikarra: «Ta arrazoiaren bila/ alperrik hasi beharko:/ lana egiten dabe ta/ euretik eta eurentzako».

Ahizpatasunaren adierazle

Zortziko txikian hasi zuten buruz burukoa Ibarzabalek eta Uriak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantuan dabilen bertsolariaren larruan jarri zuten Ibarzabal, eta Uria pinganillotik zebilen bertsoak esaten. Barre algara ugari eragin zituen ariketak publikoaren artean. Fin aritu zen Uria: «Jonek ez du sartuko/ lehenbailehen hanka,/ Maialen Lujanbio du/ pinganilloan ta». Bizi aritu ziren biak seiko motzean ere.

«Topa egin eta txin-txin egitearekin batera, hala pentsatu duzu: pasa daitela pasatu beharrekoa». Gau bateko abentura bat duen emakumearen azalean jarri zen Ibarzabal, eta dotore amaitu zuen ariketa: «Berriro itzul gaitezen/ maite gaituzten lekura». Uriak, berriz, pandemiaz nazkatuta Gabonak familia osoarekin igarotzeko erabakia hartu zuenaren lekutik kantatu zuen.

Moises Enbeita eta Joseba Etxebarriak jantzi zioten txapela Ibarzabali. «Etxeko andre guztiak» ohoratu zituen azken agurrean: «Egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu». Malkotan baina besoak indarrez jasota amaitu zuen: «Hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare sozialetan zabldutako irudia. Zauritutako gizon bat dago lurrean, –Salman Rushdie omen da–. ©BERRIA

Salman Rushdie idazleari eraso egin diote New Yorken, labanaz

Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz

Ospitaleratua da, larri; ebakuntza egin diote eta intubatuta daukate. Ustezko erasotzailea atxilotua da: 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Idazlea heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan, Satanic Verses (Bertset satanikoak) idatzi zuenez geroztik.

 ©JUAN DE DIEGO

«Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori jaso»

Aitor Biain

Pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun, lauko formatuan ondu du 'Grebalariak' diskoa. 1919ko La Canadencaren greba oroitu nahi izan du lanarekin. Plentziako Agorri Jazz jaialdian aurkeztuko du lana, gaur.

Lehen uda etxetik kanpo

Paule Ixiar Loizaga Legarra.

(Sopela, Bizkaia, 1997). Algortako bertso eskolan (Bizkaia) hasi zen bertsotan gaztetxotan, eta hainbat gazte sariketatan eta plazatan kantatu izan du urteetan. 2016. urteaz geroztik parte hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

Mikel P. Ansa

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...