‘Rai’ tifoiak berrehundik gora herritar hil ditu Filipinetan

Gutxienez 239 zaurituren berri eman dute agintariek. Guztira 1,8 milioi biztanleri eragin dizkie kalteak.

Rai tifoiak utzitako kalteak. OVP HANDOUT/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 20a
10:47
Entzun

Rai tifoiak gutxienez 208 hildako eragin ditu dagoeneko: hori jakinarazi du Filipinetako Poliziak. Haren datuen arabera, 1,8 milioi laguni kalte egin die tifoiak, 450.000 familia baino gehiagori. Oraingoz, 239 zauritu eta 52 desagertu zenbatu dituzte. Hala ere, gobernuak adierazi du tifoiak hartutako eremuetan izandako argindar eta Internet etenek «zaildu» egiten dutela kalkulatzea zenbat diren kaltetuak.

Kalterik handienak herrialdearen erdialdean eta hegoekialdean eragin dituela jakinarazi dute: Erdialdeko Visayetako eskualdean izan dira hildakoen erdiak baino gehiago. Agintariek jakinarazi dute hango kostaldean suntsituta geratu direla etxeak, ospitaleak eta eskolak. Azaldu dute Cebu, Leyte, Siargao, Dinagat Uhartedia eta Ipar Surigaoko probintzietan ere nabarmenak izan direla kalteak.

Poliziak jakinarazi du erreskate lanetan ari direla, hondamendiak larrien jo dituen eremuetan egoera hobetzen laguntzeko. Gainera, esan dute militarrak, poliziak, kostazainak eta suhiltzaileak hara bidali dituztela. Era berean, adierazi dute kostazainen itsasontziak eta hegazkinak bidali dituztela elikagaiak eta osasun laguntza helarazteko; baita hondeatzaileak ere, bideetako zuhaitzak eta posteak garbitzeko. Gehitu dute operazio horiek areagotzen ari direla, baina zenbait eremutan komunikazioek jasandako kalteek oztopatu egiten dutela hori.

Aurreko ostegunean heldu zen tifoia herrialdera, ohartarazpen batekin: litekeena zela «aurtengo bortitzena» izatea. Hain zuzen ere, «supertifoi» kategoria eman zion AEBetako armadak, eta, Poliziaren datuen arabera, orduko 195 kilometroko abiadura izan zuen haizeak. Astebete ere pasatu ez dela, hildakoek 200 lagunen langa gainditu dute, eta hasieran 100.000 lagun atera bazituzten ere etxetik, baina egun ia 500.000 dira; gehienak ebakuazio zentroetan daude, baina badaude familiakoen edo lagunen etxean hartu dituztenak ere.

Horiek horrela, Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak hitzeman du elikagaiak eta ura eramango dituela, eta gehitu du lanetan ari direla kalteak arintzeko 4.000 milioi peso filipinar bideratzeko (71,2 milioi euro inguru). Era berean, adierazi du hitzartuak dituztela 2.000 milioi peso (35,5 milioi euro) kalte materialak konpontzeko, eta beste horrenbeste biztanleentzat. Filipinetako Gurutze Gorriak ere, larrialdiko eskaera bat egin du, eta 21,7 milioi dolar bidaltzeko eskatu du, argudiatuta ezinbestekoa dela nazioarteak esku hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.