Bertsolaritza

Ibarzabalen agurra, Bilbo Arenatik ikasgelara

Ibon Iza irakasleak ikasgelara eraman du Nerea Ibarzabal Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlearen agurra, eta kantuan jarri ditu ikasleak.

Ikasleak, Nerea Ibarzabalen agurra abesten. IBON IZA
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 20a
13:08
Entzun

«Euskaldunon poztasun txiki-handi hauek. Zorionak, Nerea Ibarzabal; astelehenean eskolan agur hau buruz ikasiko dugu». Horrela ospatu zuen Ibon Iza irakasle eta bertsozaleak Nerea Ibarzabalen txapela. Momentuan bertan jakin zuen bertso hori ikasgelara eraman nahi zuela, eta sareetan iragarri bezala egin du: ikasgelara eraman du Ibarzabalen agurra, eta ikasleek gustura asko jaso dute, kantuan. Bideoz ere jaso du ikasleak kantuan ageri direnekoa, eta sareetan zabaldu du.

Ez da bertso bat ikasgelara eramaten duen lehen eguna: Maialen Lujanbioren agurrarekin ere beste hainbeste egin zuten, eta beste agur, bertso eta kantu zaharrekin ere ariketa bera egiten dutela adierazi du irakasleak. «Astelehen askotan, ikasgelara heldu eta asteburuko kontuak aipatzen ditugu; eta asteburuko konturik esanguratsuena Nerea Ibarzabalen txapela izan da. Bertsoaren inguruan hitz egin dugu, ikasi, eta gero kantatu», kontatu du.

Gainera, erantsi du ikasleak dagoeneko sintonian zeudela gaiarekin; izan ere, bertsolaritza landu dute azken hiruhilekoan. «Eki proiektuan murgilduta gaude, eta hiruhileko honetan bertsolaritzaren inguruan aritu gara; zer den oina, neurriak, bertsolariak, historia... Bertso saio bat ere egin genuen, eta lanketa horretatik ere etorri da», azaldu du.

Halaber, transmisioan ere egin du azpimarra: «Beharrezkoa da transmisioa, kanpoko erreferentzietatik harago gurearen berri ere izan dezaten. Eta ez bertsolarien berri bakarrik, esparru guztietako sortzaileen berri baizik, izan eskultoreak, pintoreak, musikariak edota antzerkigileak». Horregatik, interesgarritzat jo du bertsoak ikasgelara eramateko ariketa, eta beste ikastetxeetan lantzeko moduko eredu bat izan daitekeela uste du.

Arrakaletatik loratu da

Guztira 874,5 puntu eskuratuta jantzi zuen txapela Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak, Jone Uria Albizurirekin buruz buru aritu ondoren. Harry Potterren filmetatik hartutako doinu batekin kantatu zuen hasierako agurra, eta hasiera-hasieratik piztu zituen entzuleak. Haren eta Uriaren ondotik sailkatu ziren, azkenean, Etxahun Lekue Etxebarria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Guztien artean final biribila osatu zuten Miribillako Bilbo Arenan.

Moises Enbeitaren eta Joseba Etxebarriaren artean jantzi zioten txapela, eta malkotan baina besoak indarrez jasota amaitu zuen jarduna: «Hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu». Hona, agurra osorik:

Gure etxeko andre guztiak
nahi nituzke ohoratu,
egoerarik gogorrenetan
ez direnak hondoratu.
Bizikideei, bertsokideei,
bihotzetik bost olatu,
badago nondik jasoa eta
badago zer geroratu.
Muga, kartzela, harresi, ibai,
galerak zelan kontatu,
merkantzientzat bideak libre,
ta pertsonak zokoratu.
Baina itzarrik eusten gaituzten
ideia horiei oratu,
hormak higatu daitezkeelako
ta arrakalak loratu.

Ikusi gehiago: Arrakaletatik loratu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.