Lan gatazkak

ELA, LAB eta CCOOk bat egin dute Arabako metalean mobilizazio dinamika bateratu bati ekiteko

SEA patronalari eskatu diote urtarrilaren 10eko astean negoziazioei ekiteko. Eta ohartarazi diote lanuzteak eta grebak hasiko dituztela erantzunik jaso ezean.

Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute, gaur, Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren atarian. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2021eko abenduaren 21a
13:57
Entzun

Arabako metaleko gehiengo sindikalak urrats bateratu bat egitea erabaki du: ELA, LAB eta CCOO sindikatuak ados jarri dira, eta plataforma bateratu bat sortu dute mobilizazio dinamika bateratu bati ekiteko. Ituna berritzeko negoziazioetan elkarrekin egin nahi dute bidea, eta hala jakinarazi diote SEA patronalari gaur goizean, Gasteizen. Eskari zuzen bat igorri diete, gainera: urtarrilaren 10eko astean negoziazio mahaia deitzeko galdegin diote, eta ohartarazi erantzunik jaso ezean lanuzteak eta grebak hasiko dituztela.

Hiru urte dira Arabako metaleko sektoreko ituna berritzeko negoziazioak ez aurrera, ez atzera daudela. Baina, sindikatuen esanetan, patronalak prozesua «geldiarazi» egin du behin eta berriz, eta «benetako blokeoa» izaten ari dira. «Aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi», gaitzetsi dute.

Eta salatu dute sektoreko arazoak pilatzen ari direla bien bitartean. Besteak beste, uste dute soldatek erosahalmena galdu dutela; lanaldi oso luzeak dituztela, eta malgutasun handiegia; kontratuetan iruzurra dagoela; behin-behineko enplegu handiegia dagoela; prekaritatea handia dela, lan istripu asko daudela –«urtean ia 2.000 gertatzen dira»–; eta emakumeekiko diskriminazioa dagoela. 25.000 langileri eragiten dio hitzarmenak.

Eskaera zehatzak
Horregatik erabaki dute, hain zuzen ere, ados jarri eta mobilizazio bateratuari ekitea: Arabako metaleko langileei «alternatiba bat» eskaintzeko, azaldu dutenez. «Hiru sindikatuok hitzeman dugu elkarrekin urratsak egingo ditugula, eragin orokorra izango duen lan hitzarmen bat lortzeko». Iragarri dute urtarrilerako mobilizazioak eta manifestazio bat ere antolatuko dituztela. Eta dei egin diete gainerako sindikatu, langile eta gizarte eragileei ere mobilizazioetan parte har dezaten.

Hiru sindikatuek oinarrizko eskaera batzuk ere adostu dituzte. Honako hauek dira patronalari helarazi dizkiotenak:
- Soldatak KPIaz gaindi igotzea; gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izanik.
- Lanaldiaren taxuzko murrizketa onartzea.
- Azpikontratetako langileen subrogazioa.
- Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak hartzea.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasuna lortzeko neurriak zehaztea.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak hartzea.
- Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak egitea, pertsonak erdigunean jartzeko.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak zehaztea: aurreraeragina bermatzea, alde bakarreko inaplikazioa galaraztea eta lehentasunezko aplikagarritasuna ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.