Osasun ziurtagiria txerto ziurtagiria bilakatuko da Ipar Euskal Herrian

Telelana behartua izanen da hurrengo hiru asteetan. Frantziako Gobernuak murrizketak iragarri ditu aisian eta garraioan.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa. THOMAS SAMSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 27a
19:40
Entzun

Gaur arratsaldean bildu da Frantziako Osasun eta Defentsa Kontseilua, eta Ministroen Kontseilua bildu da ondotik. Gaurko Ministroen Kontseiluak osasun ziurtagiria moldatzea erabaki du. Hemendik aitzina, txerto ziurtagiri bilakatuko da, eta txertoa hartu izanaren froga beharko da lortzeko. Frantziako Parlamentuak onetsi beharko du neurria. Horrez gain, zigor gogorragoak iragarri dituzte ziurtagirien inguruko iruzurren kontra.

Horrez gain, murrizketa neurri batzuk ere iragarri dituzte, bereziki ostalaritza eta aisia ukitzen dituztenak. Jende biltzeek bi mila pertsonako muga izanen dute eremu itxietan, eta 5.000 pertsonakoa eremu irekietan; jatea eta edatea debekatua izanen da garraioetan eta zinemetan; ostatuetan eserita egon beharko da. Gainera, abenduaren 31rako babes neurriak hartzera deitu ditu herritarrak Castexek, «arriskuak mugatzeko»

Frantziako lehen ministroak esplikatu du etxeratze agindu neurri oro baztertu dutela oraingoz, baina telelan behartua iragarri du ondoko hiru asteetarako, hala egiten ahal duten langile guzientzat. Astean gutxienez hiru egunez aritu beharko dute telelanean herritarrek, eta, ahal den heinean, lau egunez.

Irakaskuntza zentroei dagokienez, Castexek azpimarratu du erabaki dutela azken aukera gisa baizik ez ixtea. Azken egunetan neurria aipatu bada ere, oraingoz oporrak luzatzea baztertu dute. Azkenik, maskararen erabilera hedatuarekin segituko dutela azpimarratu du: baitezpadakoa da hiri erdialde guzietan eramatea, besteak beste.

Txertatzea helburu

Frantzian eta Europan osasun egoera biziki tinki dela erran du Jean Castex Frantziako lehen ministroak. Ohartarazi du omikron aldaeraren ondorioz kontinente guzian zabaldu dela olatu berria, eta intzidentzia tasa inoizko handiena dela osasun krisia hasi zenetik. Erietxeetan ospitaleratzeak emendatzen ari dira; osasun langileak «nekatuak» dira, eta beste patologia batzuek ere jarduera handia eskatzen dute, Castexek hitzetan.

Galderak ulertzen dituela erran du, hala ere, Frantziako lehen ministroak. «Txertatzea ez litzatekeela eraginkorra? Kutsatzea eta transmititzea eragozten ez badu ere, txertatzeak arriskua apaltzen du, eta bereziki kasu larriak oztopatzen ditu», adierazi du. «Argi da txertatzeak babesten gaituela, besteak babesten dituela eta osasun sistema laguntzen duela».

Kasu larrien ondorioz ospitaleraturiko gehienak txertatu gabeak direla baieztatu du. «Txertatzea funtsezkoa eta erabakigarria da. Dena egiten ari gara txertatzea zalutzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.