Herritarren %80k uste dute Jaurlaritza pandemiaren kudeaketa txarra edo oso txarra egiten ari dela

Aztikerrek ikerketa bat egin du jakiteko zer iritzi duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek pandemiari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien inguruan. Ebidentzia zientifikoak babesten dituzten neurriak lehenetsi dituzte herritarrek, eta iritzi hobea dute Espainiako Gobernuaren jardunaz, Jaurlaritzarenaz baino.

Labiren bilera, abenduaren 3an, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 27a
20:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak ez daude gustura pandemiaren kudeaketarekin; bereziki, Eusko Jaurlaritza egiten ari denarekin. Hori da Aztiker Ikerguneak argitaratu duen azken ikerketaren ondorio nagusia: elkarrizketatuen %80k uste dute Jaurlaritza egiten ari den lana txarra edo oso txarra dela. Espainiako Gobernuari dagokionez, %69k uste dute hori.

Lehenik eta behin, ikerguneak COVID-19ari aurre egiteko hainbat neurri proposatu dizkie inkestatuei, eta haiek erantzun dute neurri horiek indarrean jarriko lituzketen edo ez. Ia aho batez ezarriko lukete, esaterako, lehen arreta indartzeko neurria: %98k erantzun dute baietz. %92k zainketa intentsiboetako unitateak indartuko lituzkete, eta %85ek ume konfinatu bakoitzeko baimen bat emango liokete haren arduradun bati.

%75etik gorako babesa izan dute beste neurri batzuek ere: garraio publiko gehiago jartzeak, telelana errazteak, test azkarrak doan jartzeak eta txertaketa borondatezkoa izateak, adibidez.

Babesik txikiena izan duten neurriak, berriz, ostalaritza eta eskolak erabat ixtea izan da. Galdetutakoen %3k eta %4k soilik babestu dituzte neurriok, hurrenez hurren. Itxiera perimetralek ere ez dute ia babesik lortu, eta %8 bakarrik agertu dira Espainiako Gobernuak joan den astean ezarri zuen neurriaren alde: leku irekietan maskara erabiltzea. Babes txikia eskuratu duten beste neurri batzuk, hauexek: 6 urtetik gorako haurrak txertatzera derrigortzea eta 22:00etatik aurrera ostalaritza ixtea.

Ugo Mayor EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasqueko ikertzaileak txio batean adierazi duenez, «herritarren iritzia bat dator ebidentzia zientifikoarekin. Gure kudeatzaileek hartzen dituzten erabaki nagusiak ez datoz bat ez ebidentzia zientifikoarekin, ez herritarren iritziarekin».

Jarraian, Aztikerrek elkarrizketatuei galdetu die ea zenbateraino daeun ados adierazpen honekin: «Libre sentitzen naiz edozein egoeratan COVID-19ari buruzko nire iritziak emateko». Horren inguruan, denetariko erantzunak jaso dituzte: elkarrizketatuen %15,4oso ados agertu dira; %23,3, ados; %9,5, berriz, ez ados, ez kontra; %23,3, kontra; eta %28,1, oso kontra.

Erakundeen kudeaketari kritika

Gobernuen eta alderdien balorazioa egiteko eskatu diete herritarrei. Haiek gogor gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak pandemia kudeatzeko duten modua, eta ezohiko pertzepzio bat azaleratu du inkestak: herritarrek uste dute Jaurlaritzaren jarduna Madrilena baino okerragoa dela. %55,7k uste dute Jaurlaritza oso gaizki ari dela, eta %36,9k dute iritzi hori Madrili dagokionez.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetan dabiltzan alderdiak ere kritikatu dituzte herritarrek: EH Bilduk lortu ditu emaitzarik onenak, baina oso apalak dira harenak ere. 0tik 10era, 3,1 eman diote inkestatuek; Elkarrekin Podemosi, berriz, 2,6 eman diote; PSE-EEri, 2,1; EAJri, 1,9; PPri, 0,9; eta Voxi, 0,6.

COVID-19aren kontrako neurriak: EAEko herritarren iritziak eta pertzepzioak izena du ikerketak, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 18 urtetik gorako 1.192 lagunek bete dute inkesta, abenduaren 20tik 23ra. Ikusi emaitzak, osorik, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.