Adierazpen askatasuna

Valtonyc ez estraditatzea erabaki du Belgikako justiziak

Rap kantaria Espainiari entregatzeko eskaria atzera bota du Ganteko Apelazio Auzitegiak. Fiskaltzak egina zuen eskaera, ustezko mehatxu delitu batengatik.

Valtonyc, 2018ko urrian Ganten egindako agerraldi batean. JOSé VILLALGORDO / EFE
Berria
2021eko abenduaren 28a
11:41
Entzun

Ganteko (Flandria) Apelazio Auzitegiak atzera bota du Josep Miguel Arenas Valtonyc (La Puebla, Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) Espainiara estraditatzeko eskaera. Aurretik ere atzera bota zuen bere kantuetan Espainiako koroari irain egiteagatik eta terrorismoaren gorazarrea egiteagatik fiskaltzak egindako eskaera, eta oraingoan mehatxuen delituagatik egindako eskaria baztertu du.

«Ez dago estradiziorik hiru kasuetarako. Amaitu da. Auzitegiak adierazi du: Espainian zigortzeko balio izan duten kontuak ez dira delituak Belgikan», azaldu du epaiaren berri izan ondoren Simon Bekaert abokatuak. Fiskaltzak epaiari helegitea jarri ahal izango dio azken aukera gisa, baina, Bekaertek azaldu duenez, ez dago horretarako aukera handirik.

Valtonyci hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten 2018ko udaberrian Espainian, bere abestietan terrorismoaren gorazarrea, mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Urte hartako maiatzaren 24an, kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean, musikariak erbestera jo zuela jakin zen. Horren ondorioz, Espainiak hura atxilotzeko eta estraditatzeko euroagindua eman zuen.

Ordudanik, Belgikako justiziak mahai gainean izan du gaia, hara jo baitzuen musikariak. Urte hartan bertan, Ganteko auzitegi batek ez zuen onartu musikaria estraditatzea, kantuen hitzak adierazpen askatasunak babestuak zeudela ebatzita.

Gaurko epaiaren berri jakin ondoren, Valtonycek adierazi du magistratu belgikarrek erakutsi dutela «independenteak» direla, eta «XXI. mendeko Europako estandarrak» errespetatzen dituztela. «Belgikako gizarteak pozik egon behar du adierazpen askatasuna errespetatu delako».

Joan den urrian, Belgikako Auzitegi Konstituzionalak adierazi zuen koroari egindako irainen legea inkonstituzionala dela herrialde hartan, eta arrazoi horregatik Espainiara estraditatzeko aukera baztertu zuen.

RAC1-i egindako adierazpenetan, rap kantaria «pozik» agertu da bere kontrako auzia «amaitu» delako Belgikan. «24 urterekin kondenatu ninduten, eta lau urte geroago justizia aurkitu dut. Baina etxetik 1.200 kilometrora izan behar izan du. Gazi-gozoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.