Errekorra hautsi du izurriak Hegoaldean: ia 9.000 positibo egun bakarrean

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 8.987 kasu atzeman zituzten atzo. 607 pertsona daude ospitaleratuta: horietatik 134, ZIUetan.

Baheketa bat Erriberrin (Nafarroa), artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 28a
13:11
Entzun

Asteburua atzean utzita, transmisio datuek gora egin dute berriz ere Hego Euskal Herrian. Oraingo honetan, gainera, lehen olatuaz geroztik ezarritako langa guztiak gainditu ditu izurriak: 8.987 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak atzo.

Osasunbideak ez du transmisioari buruzko oharrik argitaratu —astean bitan plazaratzen dute—, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik datu batzuk eman ditu hedabideen aurrean. Azaldu duenez, 14 eguneko intzidentzia metatuak ere gora egin du, eta 100.000 biztanleko 2.285 kasukoa da. Nafarroakoa are makurragoa da: 2.435 kasu.

Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, gainera, positibo tasa harrotuta dabil: atzo, 7.386 proba diagnostiko egin zituzten herrialdean, eta horietatik 2.419k eman zuten positibo: %32,75ek. Proba egin zieten herritar guztien herenek birusa zuten.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, orain 607 pertsona daude Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta: horietatik 473 gela arruntetan daude, eta 134, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri.

Nafarroan COVID-19ak jota beste lau pertsona hil direla jakinarazi du gobernuak. Azken hamabi egunetan 20 pertsona hil dira herrialdean izurriaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.