Ostalaritza 01:00ean ixteko baimena eman diote epaileek Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du neurri murriztaileak «beharrezkoak eta neurrikoak» direla. Urtarrilaren 14ra arte izanen dira indarrean.

Aurrerantzean, Nafarroan debeku izanen da barran kontsumitzea. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon O. Urain - Ion Orzaiz
2021eko abenduaren 28a
14:48
Entzun

Oniritzia neurri murriztaileei. Nafarroako Gobernuak foru agindu bat bidali zuen atzo Nafarroako Auzitegi Nagusira, COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartu nahi dituzten neurriak jasotzen dituena. Orain, epaileek aldeko ebazpena argitaratu dute, «beharrezkoak eta neurrikoak» direla iritzita. Hortaz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean sartuko dira neurri horiek indarrean, urtarrilaren 14ra arte.

Neurrien artean dago ostalaritza lokalak ixtea 01:00etik 06:00etara, mahaian eserita kontsumitu behar izatea, gehienera hamar pertsona elkartzeko muga ezartzea, eta ekitaldi sozial, kultural eta kirol arlokoak arautzea. Nafarroako Gobernuaren asmoa da «transmisio komunitario handia txikitzea eta orain presio oso adierazgarri bat duen osasun sistemaren egoera zaintzea, bereziki lehen arretan (osasun etxeak, detekzioa eta txertaketa) eta goranzko joeran dauden erietxe sarean eta zainketa intentsiboetako unitateetan».

Auzitegira igorritako arauan, gobernuak zehaztu zuen itxi beharrekoak direla saltokiak, dantzalekuak, kontzertuak egiteko aretoak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, bingoak, joko aretoak eta ostalaritza zerbitzuak eman ditzaketen lokalak; baita elkarte gastronomikoak eta peñak ere. Era berean, gogorarazi zuen debekatuta dagoela kaleko edana.

COVID ziurtagiriari dagokionez, gobernuak erabaki du hura eskatzeko derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaltzea; adibidez, zahar etxeetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko; baita turismorako ostatuetarako, gimnasioetarako eta kirola esparru itxietan egiteko eremuetarako ere, lehiaketetarako salbu. Gainera, terrazak arau horretatik kanpo geratuko dira.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo ditu Nafarroako Gobernuak aurkeztutako txostenak, eta ebatzi du planteatutako neurriak «beharrezkoak eta neurrikoak» direla, eta «kutsatzeak eteteko helburua» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.