Kontu publikoak

Jaurlaritzak 188 milioi emango dizkie aldundiei, COVID-19ak eragindako gastu gehigarriari aurre egiteko

30,4 milioi jasoko ditu Arabak, 94,7 milioi Bizkaiak, eta 62,9 milioi Gipuzkoak. Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera egingo dute banaketa adosteko.

Finantzen Kontseiluaren bilera, urrrian. Artxiboko argazkia. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko abenduaren 28a
16:40
Entzun

Izurriak eragindako gastu gehigarriari aurre egiteko aparteko diru kopuru bat banatu zuen Espainiako Gobernuak erkidegoen artean, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki du diru hori aldundiei ere ematea. 188 milioi euro emango dizkie denera: 30,4 milioi jasoko ditu Arabak, 94,7 milioi Bizkaiak eta 62,9 milioi Gipuzkoak. «Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du finantza-lankidetzarako neurriak ezartzea, erakundeen arteko beharrezko koordinazioa eta lankidetza ardatz hartuta», azpimarratu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Madrilek 13.000 euroko diru sail bat onartu zuen erkidegoentzat, eta horietatik 644,5 milioi jaso ditu Jaurlaritzak. Abuztuan jaso zuen diru hori, eta gaur onartu du kopuru horren herena aldundiei ematea. Baldintzarik gabekoa da diru hori, eta oinarrizko zerbitzu publikoak indartzeko ez ezik (osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak, besteak beste) bestelako gastuak estaltzeko ere erabil daiteke, Azpiazuk gogorarazi duenez.

Jaurlaritzaren esku geratuko dira hamar eurotik zazpi, eta gainerakoa aldundiek jasoko dute. Banaketa Ekarpenen Legean ezarritako koefizienteen arabera egingo da, eta, horretarako, Finantzen Euskal Kontseiluaren ezohiko bilera egingo dute gaur arratsaldean. Bilera telematikoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.