Lan merkatua

Datorren urtean beste 25.000 enplegu sortzea espero du Confebaskek

Nazioartean orain den testuinguru konplexuan, datorren urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %5,9 handitzea eta lehen aldiz milioi batetik gora landun izatea aurreikusi du. Lan erreformaren balorazio positiboa egin du, eta lurralde hitzarmenak estatukoen gainetik lehenesteko mekanismoa bermatu dela deritzo.

Pablo Martin Confebask-eko ekonomia arloko arduraduna, Eduardo Zubiaurre presidentea eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia, gaurko agerraldia hasi aurretik. FOKU
joxerra senar
2021eko abenduaren 29a
12:32
Entzun

«Krisiaren okerrena atzean utzi da». Eduardo Zubiaurre Confebask enpresaburuen elkarteko presidenteak nabarmendu du 2022an pandemia aurreko egoerara itzuliko dela euskal ekonomia. Haren hitzetan, «lan merkatua lehengoratzeko urtea izan da 2021». «Enpleguari dagokionez, 2021ean pandemia aurreko egoerara itzuli gara jada», gaineratu du Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak.

Aurten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %5,7 handitu da, eta hazkunde erritmo horrek enplegua sortzeko ahalmena erakutsi du, Confebaskeko arduradunen hitzetan. Bilbon egindako agerraldian, azaldu dute 2020eko apirilean aldi baterako erregulazioan zeuden langileen %95 egoera horretatik aterata zeudela iragan urrian, eta 8.202 baino ez direla geratzen.

Era berean, COVID-19a Euskal Herriratu zeneko otsailarekin alderatuta, 3.685 afiliatu gehiago zeuden Gizarte Segurantzan iragan azaroan; iazko azaroarekin alderatuta, jauzia esanguratsua da, 17.657 afiliatu gehiago baitaude. Hazkunde ekonomikoa uste baino apalagoa izan bada ere, aurreikusi baino enplegu gehiago sortu direla azpimarratu dute Confebaskeko arduradunek.

Datorren urtean ere antzera segitzea espero dute, eta are jauzi handiagoa ematea: izan ere, 25.000 enplegu sortuko direla aurreikusten du Confebaskek. Orain 976.800 afiliatu daudenez, espero dute datorren urte amaierarako lehen aldiz milioi batetik gora landun izango direla eta langabezia tasa %8tik behera jaitsiko dela.

Enpresen artean egindako barne inkestaren arabera, baikor daude. Hamarretik bederatzik egonkor ikusten dute merkatua; hamarretik zazpik uste dute sei hilabete barru egungo langile kopuruari eutsiko diotela, eta beste bik uste dute langile gehiago kontratuko dituztela.

Egoera «paradoxikoa»

Horrek ez du esan nahi enpresen jarduera baldintzatzen duen arazorik ez dagoela, edo bilakaera ekonomikoa baldintzatzen duen arriskurik ez dagoela. Aretxagaren arabera, paradoxikoa da egungo egoera. «Gure belaunaldiak ez du halakorik bizi». Beste krisi batzuekin alderatuta, oraingo arazo ekonomiko nagusia da eskaintza ez dela gai eskariari erantzuteko, eta horrek mundu osoan duela eragina.

«Aurten, txertaketa prozesuak modua eman du murrizketak gainditzeko, eta susperraldi azkarra izan zen. Dena den, susperraldi horren ondorioz, bestelako arazoak agertu dira hornidura katean, eskaintza ez delako gai izan eskariari erantzuteko», azaldu du Pablo Martin ekonomia arloko zuzendariak. Jakina denez, urte hasieratik hornidura arazoek berekin ekarri dute lehengaiak eta kostu energetikoak nabarmen garestitzea. Asiatik Europarako itsas garraioko edukiontzien kostua ohikoa baino «bi bider garestiagoa» da. Horrek eragina izan du enpresa ehunean. Martinek Espainiako Bankuaren txosten bat aipatuz agertu duenez, BPGn hiru hamarren inguru baldintzatu du.

Inflazioaren arriskua

Arazo horien ondorioz, halaber, inflazioa nabarmen igo da euroaren eremuan, baita Euskal Herrian ere: %1 zen lehen, eta %5,2raino igo da. «Inflazioa handia da, 1992tik izandako handiena. Itxaropen izpi bat da azpiko inflazioa %2 baino txikiagoa dela [kostu energetikoak eta elikagaiak kenduta, inflazioaren sakoneko joera islatzen duen datua]», zehaztu du Martinek. Horregatik, aditu gehienen arabera, inflazioa apalduz joango da datozen hilabeteetan: abenduan joko du goia, eta 2022an beherantz egingo du. Funcasek esan du 2022ko abenduan %1 baino txikiagoa izango dela berriz. «Espero dugu hala izatea», baieztatu du Martinek.

Aurtengo beste arazo bat zera izan da, hainbeste irrikaz espero ziren Next Generation funtsen eragina «oso apala» izan dela: «Apenas nabaritu den». Martinen arabera, «kudeaketa konplikatua izan da, baina orain badirudi benetako abiadura hartu dutela». Hala, Confebaskek uste du «Europako funtsen urtea» izango dela. Berriki, Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoak onartu dira, energia berriztagarriei eta automozioari dagozkionak, eta, Confebaskeko ordezkarien esanetan, datorren urteetan nabarituko da Europatik iritsiko den diru hori. Proiektu eraldatzaile eta eraginkorretan inbertituz gero «emankorrak» izango direla deritzo Martinek.

Erronkak eta aurreikuspenak
Confebasken arabera, osasun krisialdia atzean uztea dago 2022ko erronken artean. Horretarako, funtsezkotzat jo du txertaketa prozesua gorabidean diren herrialdeetara ere iristea; bestela, pandemia areagotu dezaketen aldaera berriak agertzeko arriskua dagoela baiteritzo.

Pandemiaren arriskuaz harago, Txinan higiezin burbuila bat lehertzeko edo Txinaren eta AEBen arteko merkataritza lehia bat izateko aukerak daudela deritzo. Halaber, egungo nazioarteko egoera ekonomikoa eta inflazioaren arriskua areagotzen badira, hazkundean eragin dezaketela uste du. %4 eta %7 arteko hazkunde tartea kalkulatu dute: arriskuak areagotzen badira «%4etik gertu» eta leuntzen badira «%7tik gertuago» ikusten dute hazkunde tasa. 2022rako, Confebask-ek. Berez, ekonomia %5,9 handituko dela iragarri du, aurtengoaren «antzeko erritmoan».

Omikron aldaeraz
Omikron aldaeraren agerpenak, gainerako olatuekin bezala, «berehalako ondorio ekonomikoak» dituela nabarmendu du Eduardo Zubiaurrek, dena den. Hala, ulergarritzat jo du intzidentzia maila handiari aurre ezin egitearen ondorioz, autodiagnostikoak egitea, baina hori «erantzukizunez egiteko» eskatu du. «Pandemia aurretik gaixo agiri kopuru handia genuen, eta orain COVID-19arekin ziztu bizian areagotu zaigu. Transmisio komunitarioarekin, gaixo agiri ugari izango ditugu, eta horrek produktibitatean eta hazkundean eragiten du. Espero dugu eragina mugatua izatea», aipatu du. Hala, eskatu du bakartuta egoteko epea hamar egunetik bostera murriztea.

Ziurgabetasunez betetako testuinguru horretan, negoziazioa kolektiboari begira, «elkarrizketa lasai eta orekatua» eskatu du Zubiaurrek. Hitzarmenen negoziarioari begira, kezka nagusia inflazioa da, eta Confebask-eko presidentearen esanetan, oreka bat bilatu beharko da «erosketaren saskia garestitzen ari dela ikusten dutenen eta, horrez gain, enpresaren proiektuaren bideragarritasuna kezka iturri dutenen artean». Zubiaurrek nabarmendu du enpresak «proiektu partekatuak» direla eta etorkizuneko ongizatearen bermatzaile direla.

Lan erreformaz
Lan erreformaz ere galdetu diote. Zubiaurreren arabera, «positiboa da». CEOE Espainiako enpresaburu elkartearekin bazkide direnez, bat egiten du haren irakurketa orokorrarekin. «Egonkortasuna ekartzen du eztabaida ugari eta iskanbila publiko handia eragin duen gai batean». Kontraerreforma bat etor zitekeen aukeraz hitz egiten zen, eta azkenik hiru eragile nagusien artean ados jarri izana, garrantzitsutzat jo du. Zubiaurrek garrantzi berezia eman dio «enpresen askatasuna eta malgutasuna» bermatu izanari.

Estatuko hitzarmenek lurraldekoen gainetik lehenesteko aukeraz galdetu zaio, eta Zubiaurrek azaldu du gai hori aztertu zutela CEOEko gobernu organoetan eta eztabaidatu zutela. Gaineratu du «lasai» daudela, lan erreforma horretako 83. artikuluak bermatu egiten duelako lurralde arloko hitzarmenak lehenetsiko direla, «eragileek hala adosten duten kasuetan». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2017ko urtarrilean Confebaskek eta lau sindikatu nagusiek lurralde arloko hitzarmenak lehenesteko akordioa sinatu izanarekin hori bermatu egingo dela aipatu du. «Konpondua dago eta babestua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.