Ostalaritza

Ostalariak kexu dira neurri murriztaileekin, eta kentzeko eskatu dute

Salatu dute «etengabeko abusua» pairatzen ari direla administrazioaren partetik, eta ez dietela eman kalteak arintzeko laguntzarik. Elkarte batzuek iragarri dute helegitea jarriko dutela. 

Ostalarien aldeko manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko abenduaren 29a
13:54
Entzun

Ostalariek ez dituzte begi onez hartu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pandemiari aurre egiteko atzo iragarri zituzten neurri murriztaile berriak. Edukiera eta ordutegiak murrizteko erabakiak haserrea piztu du sektorean; areago, ohartarazi dute «nazkatuta» daudela erabakiak berriz ere haiei soilik eragiten dielako, eta neurriak kentzeko eskatu dute.

SOS Ostalaritza elkarteak salatu du «etengabeko abusua» pairatzen ari direla administrazioaren partetik. Adierazi dute urte eta erdi daramatzatela ahal bezala bizirik irauten saiatzen, baina Eusko Jaurlaritzak «lepoko soka estutu» baino ez diela egiten «ezarritako baldintzak une oro zorrotz bete arren». «Negozioak eta familiak hondatu besterik ez dute egiten, krisia kontrolatzeko zantzurik gabe», gaitzetsi dute. Izan ere, datozen egunetarako erreserbak amaituta eta erosketak eginda zeuzkaten negozio askok eta askok, baina neurri berrien ondorioz ezingo dute zerbitzurik eman.

Elkarteko kide diren ostalariek Jaurlaritzari egotzi diote osasun irizpiderik ez duten neurriak hartu izana; izan ere, uste dute lehen ere agerian geratu zela neurri horiek ez direla «eraginkorrak». Horrez gain, egoera okertu arren osasun publikoa indartu ez izana ere leporatu diote lehendakariari: «Osasun langileak kaleratu zituzten txertatzeko lekuak itxi ondoren, eta osasun zentroek ordutegiak murriztu dituzte Gabonetan».

Azken egunetan iragarritako neurrien arabera, Hego Euskal Herrian tabernak eta jatetxeak beranduenez 01:00ean itxi beharko dira, ezingo da zutik kontsumitu, eta mahai bakoitzean gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira. Iparraldeko ostatuetan ere eserita kontsumitu beharko da, baina ez dago itxiera ordurik zehaztuta.

Jaurlaritzarekin bilera
Bada, neurriak bertan behera uzteko eskatu dute ostalariek, murrizketa horien albo kalteak arintzeko laguntzarik ere ez dutelako. Eta dimisioa emateko eskatu diete agintari politikoei, krisiari aurre egiteko «kudeaketa eraginkorra egiteko gai ez direla uste badute».

Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariak gaur bildu Jaurlaritzarekin. Aurrez hitzartutako bilera zen, orain arteko diru laguntzei buruz hitz egiteko, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren arabera. Baina ezinbestean hizpide izan dituzte atzo iragarritako neurriak eta balizko diru laguntzak ere. Ostalaritza elkarteek ohartarazi dute kalteak arintzeko neurriak ezinbestekoak dituztela, eta hala jakinarazi diete Jaurlaritzako ordezkariei ere. Kolpea handia izango dela azpimarratu dute, nahiz eta zaila zaien galduko dutenaren zenbatekoa zehaztea. Horretarako datorren astean berriz elkartuko direla adierazi dute.

Hector Sanchez Bizkaiko Ostalarien Elkarteko gerenteak esan du akordio bat lortzen saiatuko direla. Baina, oraingoz, ez dute aski Jaurlaritzaren jarrerarekin: «Ez gaitu batere asebetetzen mahai gainean zenbakiak ikusi arte». Hori dela eta, aurreratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek helegitea jarriko dutela EAEko Auzitegi Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.