Telebista

Betty White aktorea hil da

The Golden Girls telesailean Rose Nylunden pertsonaia antzezteagatik egin zen ezagun batez ere. 99 urterekin hil zen, atzo.

Betty White aktorea, artxiboko irudi batean. PAUL BUCK / EFE
Erredakzioa
2022ko urtarrilaren 1a
16:16
Entzun

Betty Marion White Ludden (Oak Park, Illinois, AEB, 1922) telebistan ibilbide luzeenetakoa egin zuen aktoreetako bat izan zen. 1939an hasi zen lanean, eta hil artean aritu zen hainbat rol antzezten, umorezkoak batez ere. Atzo zendu zen, Los Angelesen (Kalifornia, AEB), 99 urte zituela.

Aktorea ez ezik, AEBetako telebistako lehen ekoizle emakumezkoetako bat izan zen. 1950ko urteetan Life with Elizabeth telebista saioan jardun zuen, eta 1970eko hamarkadan The Mary Tyler Moore Show telesailean Sue Ann Nivensen pertsonaia jokatu zuen, baita hainbat telebista lehiaketa aurkeztu ere. 1985. eta 1992. urteen artean, berriz, The Golden Girls telesailean Rose Nylund pertsonaia antzeztu zuen, eta mundu osoan egin zen ezaguna. Telebistarako beste lan asko egin zituen ordutik aurrera ere, eta hainbat filmetan ere parte hartu zuen, hala nola The Proposal (2009) pelikulan. Bere ibilbidean sei Emmy sari irabazi zituen.

Ehun urte beteko zituen hil honetan, eta bere mendeurrena Betty White: 100 Years Young, A Birthday Celebration filmarekin zen ospatzekoa, zeinak bere ibilbidea errepasatzen duen. Hollywoodeko aktore ugarik samina agertu dute bere heriotzagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.