Energia nuklearra

Nuklearra eta gasa energia berdetzat hartzea proposatu du Europako Batzordeak

Batik bat «energia berriztagarrietan» oinarritutako etorkizunera bidean trantsizioa egiteko energia nuklearra eta gasa erabiltzea nahi du.

Zentral nuklear bat. EFE
2022ko urtarrilaren 1a
23:03
Entzun

Eztabaida gori-gori dago, eta gaur jakin da Europako Batzordearen nahia: energia nuklearra eta gasa energia berdetzat hartu nahi ditu. EBko Inbertsio Jasangarrien Taxonomian zerrendatu behar dira jarduera ekonomiko berdeak, dirua jartzeko haietarako, ingurumenaren mesederako. Zerrenda horretan nuklearra eta gasa sartzea proposatu du Batzordeak.

EBko estatuei kontsultak egiten hasi da Batzordea. Hainbat iturrik diotenez, txostenaren zirriborroan jasotzen denez, «nagusiki energia berriztagarrietan oinarritutako» etorkizunera bidean «trantsizioa egiteko» baliagarri ikusten ditu bi energia horiek. «Aholku zientifikoetan» oinarrituta egin dute proposamen hori, zirriborroaren arabera. Gaiaren inguruko erabakia atzeratzen aritu da Batzordea, eta aste honetan egin duten urteko azken bileran landu dute.

2045a baino lehen eraikitzeko baimena lortzen duten zentral nuklearrek etiketa berdea izatea nahi du Batzordeak, eta gas naturala ere gisa bereko energia bezala hartzea, beti ere energia berriztagarrietatik baldin badator, edo emisio txikiak baldin baditu.

Ikusi beharko da estatuek zein jarrera hartzen duten. Adibidez, jakina da Frantziak etiketa berdea jarri nahi diola nuklearrari, eta kontrakoa diola Alemaniak. Proposamenak aurrera egiteko, gehiengo sinplea behar du Europako Legebiltzarrean, eta gehiengo kualifikatua Kontseiluan. Hau da, gutxienez hogei estatuk onartu behar dute.

Gasa bai, nuklearra ez? Nuklearra bai, gasa ez?

Izan ere, Alemaniak, adibidez, 2022an herrialdeko zentral nuklear guztiak ixteko asmoa du. Urte amaierarekin batera hiru itxi dituzte. Alderantziz, nuklearra taxonomian nahi duten batzuek ez dute etiketa berderik nahi gasarentzat; horien artean dago Frantzia. Energia nuklearren aldekoek hura «ezinbesteko tresnatzat» dute, klima aldaketari aurre egiteko, eta energia horren emisio txikiak azpimarratzen dituzte. Emmanuel Macronek azaroan berretsi zuen Frantziak zentral nuklear gehiago eraikiko dituela.

Glasgowko COP26n energia nuklearretik sortutako argindarra EBko taxonomian ez sartzeko eskatuz agiri bateratua sinatu zuten bost herrialdek: Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Luxenburgok eta Portugalek.

Gas naturaletik sortutako argindarra EBko taxonomian sartzearen alde dago, berriz, Alemania. Bere zentral nuklearrak ixten ari den herrialdeak gas naturalean ikusten du bidea ikatza atzean uzteko. Alemaniarren gasaren aldeko apustuaren erakusle da Nordstream 2 gasbidea bera ere, berriki amaitutakoa.

Baina Alemania ez dago bakarrik jarrera horretan. Iazko abenduan EBko beste hamar herrialdek, Europa ekialdekoak ia guztiak, taxonomiaren Europako Batzordearen lehen proposamenari betoa ezartzeko mehatxua egin zuten.

Politika

Nuklearra eta gas naturala berdeak? Agerikoa da eztabaida maila politikoan argituko dela, maila zientifiko eta teknikoan ez dagoelako eztabaidarik. Jarduera ekonomiko jasangarrien taxonomia osatzea itzelezko lana da, eta hasi besterik ez da egin.

Jarduera berdeen zerrenda horrek, jakina, oinarri zientifikoa eta teknikoa izan behar du, eta hor Europako Batzordearentzako aholkularitza dago Finantza Jasangarrien Plataforma, eta haren aurretik Finantza Jasangarrirako Aditu Teknikoen Taldea zegoen. Azken horren lana da izan dira klima aldaketaren helburuetako lehen zerrendak, Europako Batzordeari aurkeztutakoak. Jarduera berdeen zerrenda horietan ez zeuden ez nuklearretik sortutako argindarra ezta gas naturaletik sortutakoa ere.

Politikariek gasa eta energia nuklearra berdetzat jotzea erabakiz gero, non gelditzen da taxonomiaren oinarri zientifikoa? Eta oinarri zientifikoak bermatzen duen sinesgarritasuna? Hori ere kontuan hartu beharko dute joko politikoan. Inbertsio Jasangarrietarako Taxonomiak sinesgarritasun gal dezakeela ohartarazi dute, adibidez, Net-Zero Asset Owner Alliance taldean bildutako 60 inbertsiogilek (Allianz SE, AXA Taldeak, BNP Paribas, Santander eta Barclays tartean). Iritzi bertsuak agertu dituzte ingurumeneko gobernuz kanpoko erakundeek eta hainbat zientzialarik ere.

Haiek guztiek esan diote Europako Batzordeari gasa eta nuklearra uzteko taxonomiatik kanpo; nahi izanez gero, egiteko aparteko beste zerrenda bat, baina taxonomian soilik egiaz berdeak diren jarduera zerrendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.