NUKLEARRA ETA GASA... BERDEAK?

Eztabaida puri-purian dago. EBko Inbertsio Jasangarrien Taxonomian zerrendatu behar dira jarduera ekonomiko berdeak, dirua jartzeko haietarako, ingurumenaren mesederako. Herrialde batzuek etiketa berde hori nahi dute energia nuklearrarentzat; beste batzuek, gas naturalarentzat.

Frantzia eta nuklearrak. Frantzia ari da indar handien egiten energia nuklearra taxonomian sartu eta etiketa berdea emateko. Irudian, Chooz herriko erreaktoreak, Lorrenan. JULIEN WARNAND / EFE.
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Zer da berdea eta zer ez? Nola jakin, esaterako, norbere bankuko inbertsio funts horrek egiaz inbertsio berdea egiten duela halako edo besteko enpresa baten akzioak edo bonuak erostean? Zein oinarrirekin jaulki ditzakete erakundeek eta enpresek bonu berdeak? Nola jakin dirua ez dela erregai fosiletan inbertitzera joango? Kontua ez da horren erraza, ezta finantza sektorearentzat berarentzat ere.

Zalantzak txikiagoak izan daitezke inbertitzean, adibidez, autokontsumorako plaka fotovoltaikoak egiten dituen konpainia batean; nahiko argi dago, dirua berdera jartzea dela hori. Baina, zentral nuklearrak dituen argindar konpainia batean diru jartzea inbertsio berde bat egitea da? Finean, energia nuklearrarekin argindarra sortzea jarduera berdetzat jo daiteke?

Zentral nuklearrek ez dute karbono dioxidorik atmosferaratzen, eta, alde horretatik, garbiak direla esan daiteke; baina ezin ahaztu hondakin nuklearren arazoa... Zeri eman etiketa berdea, eta, ondorioz, zer utzi kanpoan? Horri guztiari buruzko erabakiak hartu behar dituzte datozen asteetan Bruselan. Eta eztabaida gogorra izaten ari da.

Inbertsioetarako zein jarduera diren jasangarriak, berdeak, definitzeko prozesua abian dauka Europako Batasunak, Inbertsio Jasangarrien Taxonomiarekin. Haren xedea da zerrendatzea zein aktibitatek egiten dioten mesede ingurumenari, aldi berean kalterik egin gabe.

Kalte handiaren baldintza

Zehazki, Batasunak bere buruari ezarritako ingurumeneko sei helburuetakoren batean «ekarpen handia» egiten duten jarduera ekonomikoak izan behar dira, baldintza garrantzitsu batekin: jarduera horrek ez duela «kalte handirik» egiten beste bost helburuetakoren batean. Eta hor dator korapiloa.

Sei ingurumen helburu horietatik bitan, klima aldaketaren arintzean eta klima aldaketarako egokitzapenean, zerrenda zirriborroak eginak daude. Finantza jasangarrirako aditu teknikoen taldeak aurkeztu zizkion Europako Batzordeari, hark erabakiak hartzeko. Eta zerrendako jarduera berde horien artean ez zegoen, besteak beste, energia nuklearra. Gas naturalarekin sortutako argindarrak ere ez zuen etiketa berderik jaso, jarduera horrek gainditzen duelako aholkularitza zientifiko eta teknikoak ezarritako CO2 emisio muga.

Baina hainbat herrialde ez daude ados. Nahi dute EBko taxonomiak gas naturaletik sortutako argindarra edota energia nuklearra teknologia jasangarritzat jotzea, berdetzat. Etiketa berderik gabe geratzeak, ziurrenez, inbertsio emaria murriztuko liekeelako bi alorrei. Dirudienez, gasaren eta nuklearraren defendatzaileak eztabaida irabazten ari dira.

Nuklearra

Hori bai, guztiak ez daude talde berean: gasarentzat etiketa berdea nahi duten batzuek, ez dute halakorik nahi nuklearrarentzat; Alemania da herrialde horien buru. Alderantziz, nuklearra taxonomian nahi duten batzuek ez dute etiketa berderik nahi gasarentzat; horien artean dago Frantzia. Energia nuklearren aldekoek hura «ezinbesteko tresnatzat» dute, klima aldaketari aurre egiteko, eta energia horren emisio txikiak azpimarratzen dituzte. Aste honetan bertan, presioa areagotu du Emmanuel Macronek, berretsi duenean Frantziak zentral nuklear gehiago eraikiko dituela.

Erantzuna berehala etorri da, Glasgowko COP26n bertan. Energia nuklearretik sortutako argindarra EBko taxonomian ez sartzeko eskatuz agiri bateratua sinatu dute bost herrialdek, Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Luxenburgok eta Portugalek: «Onartzen dugu [EBko] estatu kideen eskubide subiranoa argindar nuklearra haien energia sistema nazionaletan sartu ala ez erabakitzeko. Baina kezkatuta gaude, argindar nuklearra taxonomian sartzearekin haren osotasuna, sinesgarritasuna eta, ondorioz, haren erabilgarritasuna honda daitekeelako». Bost herrialdeen ustez, hondakin nuklearrekin argi eta garbi hausten da jarduerak «ingurumenari kalte handirik ez egiteko printzipioa».

Bost herrialde horiek ez dira energia nuklearrari etiketa berdea ematearen kontra dauden bakarrak. Ingurumenean jarduten diren gobernuz kanpoko hainbat erakunde ere azaldu dira kontra. WWFk, adibidez, uste du gas naturalarekin ekoitzitako argindarra taxonomian sartzeko mugimenduak energia nuklearrari ere zabaltzen diola bidea.

Gas naturala

Gas naturaletik sortutako argindarra EBko taxonomian sartzearen alde dago, bai, Alemania. Bere zentral nuklearrak ixten ari den herrialdeak gas naturalean ikusten du bidea ikatza atzean uzteko. Alemaniarren gasaren aldeko apustuaren erakusle da Nordstream 2 gasbidea bera ere, berriki amaitutakoa.

Baina Alemania ez dago bakarrik jarrera horretan. Iazko abenduan EBko beste hamar herrialdek, Europa ekialdekoak ia guztiak, taxonomiaren Europako Batzordearen lehen proposamenari betoa ezartzeko mehatxua egin zuten.

Batekin eta bestekin apirilean etorri zen batzordearen lehen proposamena, baina gas naturalari eta energia nuklearrari buruzko erabakiak geroratzea erabakita. Batzordeak bere buruari urte bukaera jarri zion epetzat, zirt edo zart egiteko. Eztabaida gogorra izan da eta izango da datozen asteetan, eta adierazpenak ugaldu egin dira, bai COP26ri lotuta, baita aspaldiko gas eta argindar garestienaren ondorioz ere. Ahaztu gabe, IEA Nazioarteko Energia Agentziak garbi esan duela, ez direla gas eta petrolio putzu berriak zabaldu behar.

Eta sinesgarritasuna?

Nuklearra eta gas naturala berdeak? Agerikoa da eztabaida maila politikoan argituko dela, maila zientifiko eta teknikoan ez dagoelako eztabaidarik. Jarduera ekonomiko jasangarrien taxonomia osatzea itzelezko lana da, eta hasi besterik ez da egin. Jarduera berdeen zerrenda horrek, jakina, oinarri zientifikoa eta teknikoa izan behar du, eta hor Europako Batzordearentzako aholkularitza dago Finantza Jasangarrien Plataforma, eta haren aurretik Finantza Jasangarrirako Aditu Teknikoen Taldea zegoen. Azken horren lana da izan dira klima aldaketaren helburuetako lehen zerrendak, Europako Batzordeari aurkeztutakoak. Jarduera berdeen zerrenda horietan ez zeuden ez nuklearretik sortutako argindarra ezta gas naturaletik sortutakoa ere.

Politikariek gasa eta energia nuklearra berdetzat jotzea erabakiz gero, non gelditzen da taxonomiaren oinarri zientifikoa? Eta oinarri zientifikoak bermatzen duen sinesgarritasuna? Hori ere kontuan hartu beharko dute joko politikoan. Inbertsio Jasangarrietarako Taxonomiak sinesgarritasun gal dezakeela ohartarazi dute, adibidez, Net-Zero Asset Owner Alliance taldean bildutako 60 inbertsiogilek (Allianz SE, AXA Taldeak, BNP Paribas, Santander eta Barclays tartean). Iritzi bertsuak agertu dituzte ingurumeneko gobernuz kanpoko erakundeek eta hainbat zientzialarik ere.

Haiek guztiek esan diote Europako Batzordeari gasa eta nuklearra uzteko taxonomiatik kanpo; nahi izanez gero, egiteko aparteko beste zerrenda bat, baina taxonomian soilik egiaz berdeak diren jarduera zerrendatzeko.

Anbar koloreko etiketa?

Erdiko bide zidor hori hartzea ere erabaki dezake Europako Batzordeak, energia nuklearretik eta gasetik sortutako argindarrari etiketa berdea ez, nolabaiteko anbar koloreko etiketa eman.

Dena den, azken filtrazioen arabera, Batzordeak taxonomian sartuko ditu biak, nuklearra «energia iturri egonkorra» eskaintzen duelako, eta gas naturaletik sortutako argindarra ere, «trantsizioko» energiatzat jo daitekeelako. Frans Timmermans Europako Batzordeko klima buruzagiak ostegunean Glasgowen bertan gas naturala jarduera berdeen zerrendan sartzearen alde agertu zen, betiere «baldintza zorrotzetan», adibidez, gasbideak hidrogenorako egokitzekotan. «Betiere bitarte baterako egiten baldin badugu, orduan uste dut inbertsioa justifikatuta dagoela».

Inbertsio jasangarrien taxonomiaren inguruko eztabaidak, hala ere, hasi besterik ez dira egin. Milaka jarduera ekonomiko daude, ehunka sektore, eta haiek ingurumenari ekarpen esanguratsua edota kalte esanguratsua egiten dieten argitzeko bidea malkartsua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.