Ezker Batuak salatu du «eraso faxista bat» jasan duela Lizarran
Lizarrako (Nafarroa) egoitza erasotu dute, eta, besteak beste, «Biba Espainia» eta «Gorriak arekara» dioten mezuak idatzi dituzte, gezurrezko pistola bat uzteaz gain. Afiliatu batek, gainera, mehatxuak dituen gutun bat jaso du etxean.
2022. urteko lehen gauean «eraso faxista bat» jasan zuen Ezker Batuak Lizarran (Nafarroa). Alderdiak berak salatu duenez, kalte materialak eragin zizkieten eta material informatikoa lapurtu zieten, baita «diru apur bat» ere. Hortaz gain, «Biba Espainia» eta «Gorriak arekara» zioten pintaketak egin zizkieten, eta gezurrezko pistola bat utzi zuten lokalaren barruan.
Hori gutxi balitz, alderdiak salatu du «duela gutxi» afiliatu batek mehatxuak zituen gutun bat jaso zuela etxean. EBren arabera, atzoko erasoa ez da kasu bakartu bat: «Azken hilabeteetan eraso bat bestearen atzetik jasaten ari dira EBko lokalak eta ordezkariak, eta beste behin ere lerro gorria gainditu dute». Dena den, argi utzi dute eraso horiek are eta gehiago indartzen dituztela alderdikideen «konbikzio antifaxistak».
«Eraso gehiago jasaten baditugu ere mundu justuago baten alde lanean jarraituko dugu, halako miserableek lekurik ez duten mundu baten alde. Gaur, atzo bezala, oihu egiten diogu faxismoari: ez dira pasako!», idatzi dute. Biharko elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan, Lizarrako Foruen Plazan.
Elkartasuna
Azken orduetan hainbat izan dira EBri babesa erakutsi dioten alderdiak eta eragileak. Tartean, Koldo Leoz Lizarrako alkatea (EH Bildu): «Lizarran mehatxu faxistek ez dute lekurik. Nire elkartasun osoa Ezker Batuako kamaradekin», idatzi du Twitterren.
#lizarra n mehatxu faxistek ez dute lekurik.
— KoldoLeozGarciandia (@koldinni) January 1, 2022
Nire elkartasun osoa @IzdaNavarra ko kamaradekin.
Hiriko gehiengo sozial eta politikoak, lanean jarraituko du askatasunaren eta justiziaren alde.
Hurrengo astelehenean, urtarrilak 3an, zuen ondoan izango naiz.#EzDiraPasako https://t.co/1quoYGyxWp
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.