Kote Cabezudorentzat 2.388 urteko kartzela zigorra eskatu du akusazio partikularrak

Donostiako argazkilariari 153 sexu eraso egin izana leporatzen dio biktima gehienen abokatuak, horietatik 150 modelo berari eginak. Fiskalak 121 urteko kartzela eskatu zuen joan den abenduan.

Iazko otsailean Cabezudoren biktimentzat justizia eske Donostiako auzitegien aurrean egin zuten elkarretaratze bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2022ko urtarrilaren 3a
13:06
Entzun

Mario Diaz da akusazio partikularraren abokatua, eta argazkilariaren biktima izandako hamazazpi emakume ordezkatzen ditu. Efe albiste agentziak jaso du abokatuaren akusazio idatzia.152 sexu abusu leporatzen dizkio, besteak beste. Era berean,iruzurra egitea egotzi dio, intimitatearen kontrako delituak, osotasun moralaren kontrakoak, adingabeak galbidean jartzekoak: guztira, 194 delitu. 2019an itxi zuten instrukzio nagusia, eta orain aldeek beren ondorioak eta eskariak aurkeztu dituzte. Fiskalak abenduan aurkeztu zuen bere idatzia.

Donostiako argazkilari ohi batek sexu abusuak egin zizkiela zabaltzen hasi zen hainbat emakumeren artean, eta Mario Diaz abokatuak haien salaketak bildu ditu. Hamahiru emakumek deskribatu dituzte Cabezudok egindako sexu abusuak. Limurtu egin zituen, biluzarazi eta argazkiak egin, webguneetan zabaltzeko, haien esanetan. Biktimentzat 1.715.000 milioi euroren kalte ordainak ere eskatu ditu abokatuak biktimentzat.

Cabezudo argazkilari aritu zen hiru hamarkadaz. Abokatuaren idatziaren arabera, modelo gazteei biluzteko eskatzen zien, kasu batzuetan adingabeak zirela, esanez ez zituela lotsariak agerian jarriko, lan pertsonalak zirela, baina material horretaz baliatzen zen gero eta argazki sexualagoak egiteko modeloei. Abokatuak gehitu du Cabezudok, biktima batzuen gainean zuen izena eta kontrola baliatuz, sexu abusuak ere egin zizkiela haietako batzuei.

Kasu bat aipatu du akusazioak testuan, 2004an Cabezudorekin argazkiak egiten hasi zen modelo batena. 14 urte zituen orduan, eta adinez nagusi izan arte jarraitu zuen harekin. Epe horretan, argazkilariak 150 aldiz egin zizkion sexu abusuak, baita sarketak ere, 150 egunetan, abokatuaren idatziaren arabera. Bortxaketa horietako batzuk webgune batzuetan erakutsi zituela erantsi du.

150 eraso horietako bakoitzarengatik hamalau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatu du akusazioak. Beste bi modelori egindako sexu erasoak ere gehitu ditu abokatuak.

Cabezudoren aurkako auzian 21 emakume agertu dira biktima gisa, eta horietatik hamazazpi ordezkatzen ditu Mario Diaz abokatuak. Baina berak ordezkatzen dituen hamazazpi emakume horietatik lauren kasuak iraungita daude. Hala ere, eskatu du emakume guztiek deklaratzeko epaiketan, lekuko gisa. Emakume horietako batzuen lekukotzak bildu zituen BERRIAk 2018an, Cabezudo atxilotu eta espetxeratu baino lehenago.

Gipuzkoako Fiskaltzak, berriz, 121 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatua du Cabezudorentzat. Sexu erasoak, haur pornografia, iruzurra eta identitate moralaren kontrako delituak ikusten ditu fiskalak; guztira, 32 delitu leporatu dizkio.

Badira lau urte Cabezudo espetxean dela, epaiketa egin arte behin-behinean. Hauxe da haren kontrako auzi nagusia, baina auzitegiek dagoeneko bost zigor txiki eman dituzte argazkilariaren kontra, auzi nagusi honetatik eratorritako beste kasu batzuengatik; zigor salaren sententzia baten zain dago, eta egiteko dauzka bereizitako beste bi kausaren epaiketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.