Gatazkaren ondorioak

«Indarkeria zikloa» behar bezala ez ixteko arriskuaz ohartarazi du Foro Sozialak

Atzo argitaratutako Naziometroaren datuek «gizartean dauden egiturazko joerak» berresten dituztela uste dute

Foro Sozialeko Agus Hernan, Aieteko bilkuraren urteurreneko ekitaldian. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 4a
12:09
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak uste du Naziometroak atzo plazaratutako datuek berresten dituztela beste inkesta eta azterketa batzuek emandakoak, adibidez EITB Focus inkestak urrian jakinarazitakoak: alegia, ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik hamar urtera oraindik badaudela jorratu beharreko arloak eta konpondu beharreko arazoak bizikidetza bermatzeko. Foro Sozialak uste du arazo horiei heldu ezean, «indarkeria zikloa» behar bezala ez ixteko arriskua badagoela.

Naziometroaren arabera, Euskal Herriko herritarren %64,8k uste dute euskal gatazka ez dagoela erabat itxita eta oraindik konpondu gabeko esparruak daudela. Foro Sozialak gogorarazi du datu hori bat datorrela EITB Focus inkestak joan den urrian plazaratutakoarekin. Ikerketa haren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %72,3k uste dute ETAren jarduera armatua amaitu eta 10 urtera oraindik «hainbat kontu gainditzeko» daudela.

Foro Sozialak aspaldi identifikatu du zeintzuk diren konpondu beharreko arlo horiek: biktimen auzia, presoena eta memoria kritiko inklusiboa. Uste dutenez, ikerketa soziologikoen emaitzek berretsi egiten dute diagnostiko hori. Adibidez, Naziometroan galdekatutako herritarrek antzeko gaiak aipatu dituzte, konpondu beharreko arloez itaundu dietenean: ezker abertzaleak eta Estatu espainiarrak eragindako kaltearen aitorpena, torturak ez errepikatzeko bermea (%38-40), presoen auzia eta Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kaltea aitortu beharra (%25-30).

Foro Sozialaren ustez, horrek guztiak erakusten du badaudela «euskal gizartean oso errotuta dauden eta eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek baztertu ezin dituzten egiturazko joera batzuk: gaur egun oraindik ere oso beharrezkoa da indarkerien zikloaren ondorio batzuei aurre egitea». Esan dutenez, «indarkerien zikloa behin betiko itxi gabe orria pasatzeko arriskua» benetakoa, eta gertatutakoa berriro errepikatuko ez dela bermatzeko modurik onena gai horiek konpontzeko bidean paratzea da.

«Elkarrizketa eta hitzaren kultura sustatzen jarraitzea» proposatu du Foro Sozialak, eta, horretarako, «hitza desarmatzeko» eta «iraganeko inertzien aurrean» amore ez emateko eskatu die eragileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.