SUDAN

Sudango herritarrei «kohesioa» eskatu die Al-Burhan buru militarrak

Trantsiziorako kontseiluaren presidentearen esanetan, hauteskundeak egin arteko prozesuaren gidaritzak militarren esku egon behar du

Emakume bat, joan den abenduaren 24an Khartumen kontseiluaren aurka egindako manifestazio batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 4a
17:34
Entzun

Abdel Fatah al-Burhan Sudango Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren presidenteak «kohesioa» eta «interes alderdikoiak» bazter uztea eskatu die herritarrei. Buruzagi militarraren iritziz, modu horretan gauzatu ahal izango dute 2019an hasi eta 2023an hauteskundeak eginda bukatzekoa den trantsizio epea.

Abadalla Hamdok herrialdeko lehen ministroak atzo dimisioa eman ondoren, indar armatuen bozeramailearen bulegoak ohar bat plazaratu du Al-Burhanen hitzekin. Gobernu independente bat osatzeko «beharra» aldarrikatu du, eta uste du horren egitekoa «sudandar guztiek» adostu beharko luketela. Hain zuzen, teknokratez eta independentez osatutako gobernu bat egitea adostu zuten trantsiziorako kontseiluko bi sektoreek, militarrak eta zibilak, azaroaren 21ean. Baina urriaren 25ean militarrek emandako estatu kolpea dela eta handiak ziren protestak ordurako, eta akordio horrek areagotu egin zituen, eta, bide batez, Hamdoken dimisioa eragin.

Buruzagi militarraretzat, ordea, trantsizio eperako zehaztutako zereginetan jarri behar dira indarrak. «Horiek dira bakea lortzea, segurtasuna zabaltzea, pertsonen arazoei heltzea, eta hauteskundeak egitea». Al-Burhanek aurreko astean esan zuenez, haien asmoa da bozak 2023an egitea; hasiera batean, ordea, 2022an egitea zeukaten adostuta. Oharrean azpimarratu duenez, hauteskundeek sudandarren xedeak «asetuko» dituzte. Hori bai, prozesuaren gidaritzak militarrek esku egon beharko lukeela iruditzen zaio. «[Indar armatuak] Nazioaren segurtasun balbula dira, eta bat eginda mantenduko dira bere lurra babestuz».

Negar egiteko gasa
2019ko apirilean, egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta, Omar al-Baxir 1989tik presidente zena boteretik kendu zuen armadak. Eta azken asteetan ere handiak izaten ari dira protestak. Gaur ere egin dituzte, eta, ia manifestazio guztietan gertatu bezala, Polizia indarrek negar gasa jaurti dute Khartum hiriburuan, Port Sudanen eta, besteak beste, Nyalan egindako mobilizazioak sakabanatzeko. AFP agentziaren arabera, gobernu militarraren kontrako aldarriak oihukatu dituzte. Medikuen Batzordea elkartearen zenbaketaren arabera, urriaren 25eko estatu kolpearen aurka azkeneko bi hilabeteotan egindako protestetan 57 herritar hil dituzte. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du azken asteotako istiluetan gutxienez 13 emakumezko bortxatu dituztela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.