Sudango lehen ministro Hamdokek dimisioa eman du protesten eraginez

2019tik gobernuburu izan denak ohartarazi du herrialdea «inflexio puntu arriskutsu batean» dagoela. Militarrek ez dute adierazpenik egin. Gobernu zibil bat eskatzeko mobilizazioekin segitzekoak dira

Manifestari batzuk zauritu bat eramaten, abenduaren 24an Sudango hiriburu Khartumen egindako protestetan. EFE.
Paulo Ostolaza - Igor Susaeta
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Abdalla Hamdok Sudango lehen ministroak dimisioa eman zuen atzo goizaldean. Duela 43 egun izendatu zuten berriro, azaroaren 21ean, urriaren 25ean estatu kolpea eman eta kargutik kendu zuen batzorde militarrarekin akordio batera heldu ostean. Omar al-Baxir 1989tik herrialdeko presidente zena boteretik kendu zuen armadak 2019ko apirilean, egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta. Sektore militarrak eta zibilak Sudango Kontseilu Subiranoa osatu zuten uda hartan, «trantsizio demokratikoa» egin eta, printzipioz, 2022 erdialdera hauteskundeak egiteko. Hain zuzen, Hamdok izendatu zuten lehen ministro.

Orain hilabete eta erdi, estatu kolpearen ondoren, Abdel Fatah al-Burhan buru duen batzorde militarrarekin adostu zuen «teknokratez eta independenteez» osaturiko gobernu bat osatzea, baina Al-Baxirren erortzea eragin zuten alderdi politikoak eta gizarte eragileak kontuan hartu gabe. Herritar askok traiziotzat jo zuten hori, eta estatu kolpearen aurkako protestek are eta indar handiagoa hartu zuten. Oraindik, ordea, ez dute gobernurik osatu Sudanen. Militarrek ez dute dimisioari buruzko adierazpenik egin, eta, Hamdokek telebista bidez emandako diskurtsoan ohartarazi bezala, «inflexio puntu arriskutsu batean» dago herrialdea.

Oraingoan ere, protestek eragin dute lehen ministroaren dimisioa. Azken asteetako mobilizazioetan egin bezala, herenegun ere militarrek negar gasa jaurti zieten Khartum hiriburuan kalera ateratakoei. Berri agentzien arabera, Hamdokek eta Al-Burhanek lortutako akordioaren aurkako pankartak erakutsi zituzten herritarrek, eta estatu zibil baten aldeko aldarriak oihukatu zituzten. Polizia indarrek hiru lagun hil zituzten herenegun, eta, Medikuen Batzordea elkartearen zenbaketaren arabera, urriaren 25eko estatu kolpearen aurka azkeneko bi hilabeteotan egindako protestetan 57 herritar hil dituzte; gehienak, tiroz. 2022an ere «erresistentziarekin» jarraituko dutela jakinarazi zuten ekintzaileek atzo sare sozialen bidez, eta gaurko protestara deitu.

Azken bi asteetan indartsu zebilen Hamdokek dimisioa aurkeztuko zuela zioen zurrumurrua. Nolanahi ere, Al-Burhanek joan den astean esan zuen hasiak zirela hauteskundeak 2022an egin beharrean 2023an egiteko prozedurak martxan jartzen. «Ardura itzuli eta dimisioa ematea erabaki dut, herrialde zintzo honetako beste gizon edo emakume batek aukera izan dezan trantsizio fasea amaitu eta Sudan demokratiko bilakatzeko», nabarmendu zuen atzo Hamdokek, NBE Nazio Batuen Erakundeko funtzionario ohiak. Herrialdeak ia hiru urte daramatza ziurgabetasunean.

Hamdokek ez zuen zehatz-mehatz azaldu zergatik eman duen dimisioa. Bere azkeneko diskurtsoan hitz onak izan zituen gobernu zibil baten aldeko protestak antolatzen ari diren erresistentzia batzordeetako kideentzat: «Ondo egin duzue, eta zuen irmotasunak zehaztuko ditu Sudan berriaren ezaugarriak», adierazi zuen. Aldiz, bestelako tonua erabili zuen militarrekin: «Herria da agintari burujabe gorena, eta indar armatuek haien aginduak bete behar dituzte».

Erantzulea, Al-Burhan

Dimisioak are gehiago «zailduko» du herrialdearen egoera, oposizioko alderdi nagusi Al Ummako idazkari nagusi Al Wazig al-Berirren esanetan. «Egongo dira ondorio politiko eta konstituzionalak, eta horiek herrialdeko egoera politikoa aldatuko dute», adierazi zion Efe berri agentziari atzo. Al-Berirren ustez, Al-Burhan buruzagi militarra da gertatutakoaren erantzulea, «bere eragina» inposatu nahi izateagatik sudandarren erabakiei. Egoerari irtenbide bat emateko, alde guztien arteko «benetako elkarrizketa bat» eskatu zuen, eta argi utzi ez dagokiela militarrei ordezko bat izendatzea.

AEBek «adostasun bat bilatzera» deitu dituzte sudandarrak, iraungo duen gobernu zibil bat eta «demokrazia» bermatu ahal izateko modu horretan. AEBetako Estatu Departamentuaren Afrikarako Bulegoak Twitterreko bere kontuan atzo azpimarratu zuenez, 2019ko abuztuan onartutako adierazpen konstituzionalak zehaztutakoa aintzat hartuta izendatu beharko lukete hurrengo lehen ministroa.

NBEren Sudanerako ordezkari berezi Volker Perthes «kezkatuta» dago Sudango krisi politikoarekin, atzo ohar batean jakinarazi zuenez. Hamdokek dimisioa emanda, azken hiru urteetan herrialdean emandako «aurrerapausoak» are gehiago eteteko «arriskua» dagoela iruditzen zaio. Bide batez, «goraipatu» egin nahi izan zituen Hamdokek lehen ministro izan den bitartean erdietsi dituen «lorpenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.