Australiak sartzeko bisa ukatu dio Djokovici, txertoa jaso ote duen argitu ez duelako

Teniseko gizonezkoen munduko sailkapeneko burua asilo eskatzaileentzako hotel batean dute atxilo. Astelehenean erabakiko dute deportatuko ote duten.

Djokovicen jarraitzaileak, tenislaria preso daukaten hotelaren aurrean, protestan. Gaur, Melbournen. JAMES ROSS / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 6a
08:35
Entzun

Novak Djokovic tenis jokalariak Australiako Irekian jokatu behar zuen datozen egunetan, baina herrialdeko agintariek sartzeko baimena ukatu diote, kirolariak ez duelako frogatu koronabirusaren aurkako txertoa hartu duen, edo hura ez hartzeko eskubidea duela.

Melbournera heldu da bart, eta bisa bertan behera utzi diote aireportuan. Han eduki dute hainbat orduz, mugez arduratzen diren agintariek zer egin erabaki bitartean. Azkenean, jokalariak txertoa jaso duela frogatzerik ez duela izan ebatzi dute, eta teniseko gizonezkoen munduko sailkapeneko lehena deportatzea erabaki dute.

Kirolariaren abokatuek helegitea jarri diote erabakiari, baina, bitartean, Djokovic asilo eskatzaileentzako erabiltzen duten hotel batean daukate preso. Gaur goizean aztertu behar du Australiako justiziak jokalariaren egoera, baina Anthony Kelly epaileak Gobernuaren eta Djokovicen abokatuei agindu die euren argudioak entregatzeko asteburuan. Astelehenean aztertuko dute auzia. Bitartean bertan behera utzi dute deportazio agindua, eta tenislariak jarraitu beharko du hotelean, handik atera gabe.

Djokovicek argudiatu du txertoa hartzeaz salbuetsita dagoela. Baina, iaz adierazi zuen txertatzearen aurkakoa zela, eta uko egin dio Australiako agintariei esateari txertatu ote den. Txapelketaren antolatzaileek adierazi dute herrialdeko bi sendagile batzordek ontzat eman dutela jokalariaren ustezko salbuespena. Baina mugazainek ez dute horrela ikusi, eta kirolariarekin salbuespenik ez egitea erabaki dute. «Australiarrak ez direnak atxilotu eta kanporatu egingo ditugu ez badute balioko bisarik Australian sartzean, edo haien bisa baliogabetzen bada», adierazi dute.

Australiako Gobernuak ere adierazpenak egin ditu kasuaren inguruan. Tenislari serbiarraren kontra ezer ez dutela, baina legearen gainetik inor ez dagoela esan du Scott Morrison Lehen ministroak. «Ez dago kasu berezirik; arauak arauak dira».

Australian sartzeko derrigorrezkoa da txertoa. Edonola ere, salbuetsita daude gaitz larri bat daukatenak, horrek txertatzea galarazten badie, sei hilabeteren aurretik COVID-19 gaitza eduki dutenak, edo txertoaren kontrako erreakzio bat eduki dutenak, besteak beste.

Serbiako Gobernuak ere hartu du hitza aferaren inguruan: Aleksandar Vucic presidenteak esan du Djokovic «jazarpenaren biktima» dela, eta herrialde osoaren sustengua duela.

Urtarrilaren 17an da astekoa Australiako Irekia txapelketa, eta Djokovicek bederatzi aldiz irabazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.