Astebetean %31 handitu da COVID-19agatik ospitaleratutakoen kopurua

Orotara, 953 gaixo daude ospitaleratuta Hego Euskal Herriko erietxeetan, daturik txarrena 2iazko otsailetik. Atzo egindako probetan beste 16.642 positibo atzeman dituzte.

Herritar batzuk probak egiteko zain Gurutzetako ospitalearen atarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 6a
13:12
Entzun

Goia jotzeko itxurarik gabe jarraitzen dute koronabirusaren datuek. Positiboei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak atzo egindako probetan 16.642 herritarrek positibo eman zuten. Dezente gehiagok eman zuten positibo herenegun egindako PCR eta antigeno probetan: 17.680k. Horixe izan da orain arte pandemia osoan erregistratutako daturik txarrena. Birusaren hedapena ezin kontrolatuaren erakusgarri da positiboen ehunekoa ere: atzo egin zituzten proben %40k positibo eman zuten. Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko muga du jarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko.

Birusa hain hedatuta egonda, lurralde guztietan du eragina: egun bakarrean 7.197 herritarrek eman dute positibo Bizkaian, 3.934k Gipuzkoan, 3.384k Nafarroan eta 2.005ek Araban. Gainera, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren 122 herritarrek ere positibo eman dute Osakidetzak egindako probetan.

Eta kutsatzeak areagotu ahala, ospitaleak ere betetzen ari dira. Egun, 953 herritar daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan, duela astebete baino 224 gehiago; hau da, astebetean %31 handitu da COVID-19ak jota ospitaleratzea behar duten gaixoen kopurua, eta bi astean %80. Horietako batzuk, gainera, larri daude ZIUetan. Hain zuzen, koronabirusa duten 143 herritar daude egoera horretan. Duela astebete baino hiru gaixo gehiago daude egoera horretan, eta duela bi aste baino hamazazpi gehiago.

Txertoaren eragina nabari bada ere, ospitaleratze datuak txarrak dira: 2021 osoan ez ziren hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko erietxeetan. Hain zuzen, iazko otsailaren 1era egin behar da atzera datu okerrago bat ikusteko: 974 gaixok behar zuten ospitaleetako arta egun hartan. Egun haietan, mila positibo pasa atzematen zituzten egunero; orain, aldiz, 15.000 herritarrek baino gehiagok ematen dute positibo egunero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.