Zinema
Peter Bogdanovich zinemagilea hil da
The Last Picture Show da Hollywood Berriko kidearen lanik laudatuena, eta hark zinemari buruz idatzitako zenbait liburuk berebiziko eragina izan dute zinemagile batzuen lanaren zabalpenean.

Zinemak bizi zuen Peter Bogdanovich (Kingston, AEB, 1939 - Los Angeles, AEB, 2022): zuzendaria, gidoilaria, aktorea, ekoizlea, historialaria eta kritikaria izan zen. Zinemazale sutsua zen gazte garaian, eta programatzaile eta kritikari lanaren bidez hasi zuen karrera. Frantziako kritikak, Cahiers du Cinéma aldizkariaren girokoak, eragin handia izan zuen harengan. AEBetako lehen zinema kritikari handietako bat izan zen, baita filmak egitera igaro zen lehendabizikoetako bat ere. Bogdanovich goizaldean hil da, berez, etxean, 82 urte zituela.
29 urterekin egin zuen jauzi idaztetik zuzentzera, Targets filmarekin (1968), eta handik hiru urtera egin zuen The Last Picture Show gogoangarria. Bogdanovichen pelikularik arrakastatsuena da; sari ugari lortu zituen, eta Hollywood Berriko zuzendari aipagarri bat bilakatu zen hari esker. What's Up, Doc? (1972) eta Paper Moon (1973) egin zituen gero, eta horiek ere ibilbide oparoa egin zuten.
Bogdanovichek filmak egiten jarraitu bazuen ere, ez zuen gisa horretako arrakastarik lortu 1970eko hamarkadaz geroztik. «Gauza bat ikasi dut: egiten duzun film bakoitzak ezin du hil ala bizikoa izan», esan zuen behin Los Angeles Times egunkarian egindako elkarrizketa batean. «Zuk soilik filmak egiten jarraitu, eta onena espero behar duzu». She's Funny That Way (2014) komedia erromantikoa eta The Great Buster: A Celebration (2018) dokumentala dira hark egindako azken filmak.
Zinemari buruzko hainbat liburu eta film egin zituen, zuzendarien inguruko saiakerak eta elkarrizketak batez ere. John Fordi, Buster Keatoni eta Orson Wellesi buruzkoek, besteak beste, eragin nabarmena izan dute zinemagile horien lanaren zabalkundean.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.