Astelehenean bukatuko da kultur sorkuntzari buruzko zozketa

2021eko liburuak eta diskoak bildu ditu BERRIAk webgune batean, eta hogei opari txartel zozkatuko ditu asteartean, urteko libururik eta diskorik gogokoenak aukeratu dituztenen artean.

Iazko Durangoko Azokan, liburuak ikusten. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko urtarrilaren 6a
20:38
Entzun

Euskarazko kultur sorkuntza bildu eta ikusgarri jartzeko ahalegin bat da urteko kultur sorkuntzaren ataria. 2021ean argitaratutako liburuak eta diskoak biltzen ditu, eta Durangoko Azokaren bezperan jarri zuen BERRIAk ikusgarri. Gero ere erabilgarri egon da, kulturazaleek kontsultatu dezaten.

2021ean argitaratutako 500 liburu baino gehiagoren eta ia 200 disko edo kantu bildumaren erreferentziak dauzka webguneak momentu honetan, eta aukera ematen du bilaketak egiteko, bai generoaren arabera, bai argitaldariaren arabera.

Baina zozketa bat ere martxan da, horrekin batera. Elkar dendetan erabiltzeko hogei euroko hogei opari txartel zozkatuko dira asteartean. Parte hartzeko, nahi duenak bere gogoko sorkuntzak aukeratu behar ditu, 2021ean argitaratutako liburu eta diskoen artean gogokoen dituenak. Gutxienez disko bat edo liburu bat aukeratu liteke, eta gehienez sei (hiru liburu eta hiru disko).

Joan den ostegunerako, ia 800 BERRIAzalek aukeratuak zituzten beren gogoenak. Liburuen artean, Nerea Loiola Pikazaren Epizentroa, Linton Kwesi Johnsonen Askatasuna kontu serioa da poema antologia eta Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala nobela zeuden irakurleen gogokoenen artean nagusi.

Diskoen artean, berriz, Reggaean jarrai; euskal folklore jamaikarra bilduma, Olatz Salvadorren Aho uhal eta Amak taldearen lehen lana, Amak, zeuden entzuleek aukeratutakoen artean botorik gehienekin.

Astelehenean gauerdira arte izango da denbora botoa emateko, eta astearte goizean zozketa egin, eta hogei opari txartelen irabazleak zein diren jakinaraziko du BERRIAk. Helbide honetan aukeratu litezke gogokoenak, zozketan parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.