KAZAKHSTAN

Manifestariei «hiltzera» tiro egiteko agindu du Kazakhstango presidenteak

Tokaieven esanetan, gobernuaren aurkako mobilizazioetan parte hartzen ari direnak «bidelapur eta terrorista armatuak» dira. Dozenaka dira azken egunetako liskarretan hildakoak. Gobernuaren arabera, egoera «egonkortuta» dago.

Kazakhstango estatu indarretako kideak, herenegun, Almatyn. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 7a
13:51
Entzun

Azken egunetan gobernuaren aurkako protesta handiak egiten ari dira Kazakhstanen, eta, iturri ofizialean arabera, dozenaka lagun hil dira horietan. Bada Kassim-Jomart Tokaiev presidenteak agindu die Polizia indarrei abisurik eman gabe «hiltzera» tiro egiteko mobilizazioetan parte hartzen duten manifestariei. Estatuburua adierazpen instituzional baten bidez zuzendu zaie, gaur, herritarrei, eta adierazi die ez duela hitz egingo manifestariekin, aurrerantzean ez dituela haien eskakizunak aintzat hartuko, iritzita «bidelapur eta terrorista armatuak» direla. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko errepublika ohian azken 30 urteotan izandako protesta bortitzenak dira azken astean lehertutakoak. Erregaien prezioaren igoerarengatik hasi ziren berez, baina egoera ekonomikoa eta politikoa medio, estatuaren buruzagien jardunaren aurkakoak dira, oro har, mobilizazioak. Gobernuak asteazkenean dimisioa emanagatik, protestekin jarraitu dute.

Tokaieven esanetan, horietan parte hartzen ari direnak «tokikoak zein atzerrikoak» dira, eta haien «jardun armatuarekin» herritarren aurka egiten ari dira. Agintariek azaldu dutenez, azken egunetako liskarretan dozenaka zibil hil dira, baita estatu indarretako hemezortzi kide ere. Zaurituak 1.000tik gora dira, ospitaleratuak 400 bat, eta Barne Ministerioaren arabera, 3.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte.

Giza eskubideen aldeko hainbat elkarteren ustez, Tokaievek iragarritakoak «desastre bat» eragin dezake. HRW Human Rights Watchek Asian duen bulegoko zuzendari Hugh Williamsonek ohartarazi du Twitterren, «hildako gehiago egoteko arriskua» areagotuko dela.

Presidentek adierazi zuen «modu baketsuan» egindako eskaerak kontuan hartu dituela. Iruditzen zaio, ordea, manifestari gehienak «kriminal batzuk» direla; Tokaieven hitzetan, «20.000 bat» dira. «Atzerritik esaten dute bi aldeek hitz egin behar dutela irtenbide baketsu bat emateko. A zer nolako memelokeria. Zer nolako negoziazioak eduki daitezke kriminalekin? Bidelapurrek eta terroristek suntsituak izan behar dute», nabarmendu zuen.

Azken egunotako istiluei erreparatuta, estatu indarrak beraiek kritikatu ditu 2019tik Kazakhstango presidentea denak. «Oso-oso inportantea da jakitea zergatik estatua lo gelditu zen eta ez zuen eraso terroristen ezkutuko prestakuntzaz edo borrokarako zelulez ohartarazi. Ikusi dugu ez dugula nahikoa tropa berezirik, ez ekipamendu berezik ere». Kazakhstango Polizia, Guardia Nazionala eta armada mobilizatuta nahikoa ez, eta ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko tropen laguntza baliatu du liskarretan. Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistanekin batera da Kazakhstan ODKBko kide.

Aliantza horrek garraio militarrerako 75 hegazkin bidali ditu Kazakhstanera, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur ohar baten bidez zehaztu zuenez. Hori dela eta, Tokaievek eskerrak eman dizkio Vladimir Putin Errusiako presidenteari. «Oso azkar erreakzionatu du, eta batez ere, laguntasun sentipen bero batekin erantzun dio nire eskaerari».

Kontrara, «atzerriko politikarien eta hedabide independenteen jokabide akuilatzailea» salatu du. «Uste dute zuzenbidearen gainetik daudela eta edozeri buruz hitz egiteko biltzeko eskubidea dutela».

Jakinarazi du, gainera, estatuaren indarrek, ODKBkoen laguntzarekin, herrialdean egoera «egonkortzea» lortu dutela; baita Almaty hirian ere, liskarrak lehertu diren lekuan. «Larrialdi egoera ezarri izanaren ondorioak ikusten ari gara». Halere, The Guardian egunkariak kaleratu duenez, gaur ere tiroak entzun ziren Almatyn.

Indarkeria bukatzeko eskea
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Ursula von der Leyen Europako Batzordea Parisen elkartu dira, gaur, eta Kazakhstanen indarkeria bukatzeko eskatu zuten. Alemaniako, Erresuma Batuko eta AEBetako gobernua ildo beretik mintzatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.