Azpeitiko umeen danborrada bertan behera utzi du udalak

Osasun baldintzek eta neurriek aukera ematen dutenean ospatuko da jaia. Helduen danborradari buruz heldu den astelehenean erabakiko dute.

Umeen danborrada Azpeitian, artxiboko irudian. UROLA KOSTAKO HITZA
2022ko urtarrilaren 8a
12:16
Entzun

San Sebastian egunean ez da umeen danborradarik izango Azpeitian ere. Ostiralean Donostiako danborrada eten zuten, eta larunbat goiz honetan Azpeitiko Udalak gauza bera jakinarazi du. Atzo arratsaldean bilera bat egin zuten herriko ikastetxeetako, guraso elkarteetako eta udaleko ordezkariek, eta horrela erabaki zuten.

Azkeneko hamalau egunetan herrian 1.309 positibo agertu direla eta 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 8.600ekoa dela gogorarazi dute. «Danborrada egitea izan da eta da denon nahia, baina osasun egoera eta ezarrita dauden neurriak aintzat hartuta, San Sebastian egunez ez da haurren danborradarik egingo», azaldu dute.

Haurren danborradan 600 eta 650 ume artean ateratzen dira, eta haiek ikustera zein laguntzera atzeratzen diren herritarren, 2.000 lagun edo gehiago elkartuko lirateke, eta momentu honetan hainbeste jende elkartzea ez dela egokia iruditu zaie. Eusko Jaurlaritzaren Labi batzordeak abenduaren 18an zehaztu zuen kanpoan 800 lagun baino gehiago ez direla elkartu behar.

Gainera, danborrada prestatzeko haurrek elkartu egin beharko lukete datozen egunetan, entseguetarako-eta. Egoerak eta neurri murriztaileek aukera eman bezain pronto jaia egiteko prest agertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.