Euskal Presoak

EAJk adierazi du negoziatzeko garaia dela, ez mobilizatzekoa

EH Bilduk, gehiengo sindikalak eta Kataluniako ordezkaritza zabal batek bat egin du Sareren eskariekin, baina alderdi jeltzaleak ez du parte hartuko larunbat arratsalde honetako mobilizazioetan.

Maddalen Iriarte, Joseba Azkarraga eta Jordi Sanchez, gaur goizean, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Iosu Alberdi - Mikel P. Ansa
2022ko urtarrilaren 8a
16:28
Entzun

Goizean Euskalduna jauregian indarkeriaren bost biktimarekin mahai ingurua egin du Sare Herritarrak, eta alderdi zein sindikatu ugaritako ordezkariak izan dira bertan. Ekitaldia hasi aurretik mintzatu dira gehienak, halaxe Irune Berasaluze EAJko kidea. Aipatu du «negoziazio politikorako, akordiorako eta lan parlamentariorako garaia» dela orain, euskal presoen «salbuespen egoera» amaitu nahi bada. EAJk ez duela gaurko mobilizazioetan parte hartuko gehitu du, bide horri kalterik ez egiteko.

Sarek edo beste edonork egindako presoen aldeko mobilizazioak errespetatzen dituela esan du Berasaluzek. «Baina presoen eskubideen aldeko mobilizazio batzuek, momentu jakinetan, lan politiko hori oztopatu dezakete, eta horregatik ez dugu parte hartuko Sarek arratsaldean antolatutakoetan». Dena den, euskal presoek ezarria duten «espetxe politika salbuespenezkoa» amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariak, kontrara, bat egin du manifestazioekin, eta «salbuespen politika» amaitzearen alde hitz egin du, «presoak Euskal Herrira itzul daitezen eta espetxe graduetan aurrerabideak egon daitezen». Elkarbizitzan urratsak egitera ere dei egin du: «Eta horretarako nahitaezkoa da kartzeletako salbuespen egoera amaitzea». Horrekin batera, «biktima guztien» aitortza beharrezkoa dela gehitu du.

Gehiengo sindikaleko ordezkariak ere Sarek antolatutako mahai inguruan izan dira. ELAko Mitxel Lakuntzak eta LABeko Igor Arroyok, besteak beste, nabarmendu dute euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa bukatzeko pausoak eman direla azkeneko urteetan, baina ez direla aski, eta gehiago egin behar dela.

Kataluniatik babesa ematera

Kataluniako ordezkaritza politiko zabal ere Bilbon izan da, mahai inguruan ez ezik mobilizazioetan ere parte hartzeko asmoz. Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta preso ohiak Sare zoriondu du, biktimak omentzeko eta presoen egoera salatzeko eginiko lanagatik. Gatazka politikoak konpontzeko, adiskidetzearen bidean urratsak egitea garrantzitsua dela nabarmendu du, eta horretarako beharrezkoa dela biktimak errespetatzea, ahotsa ematea, eta, aldi berean, euskal presoen egoera salatzea.

Jordi Sanchez parlamentari eta preso ohiak, berriz, Espainiako Gobernuari urratsak eskatu dizkio, eta bide horretan laguntzeko prest agertu da. ANC Asanblea Nazional Katalaneko buru Elisenda Paluziek, berriz, Madrili eskatu dio uzteko ETA desegin ez balitz bezala aritzeari. Albert Botran CUPeko diputatuak, berriz, euskal presoen aurkako «salbuespenak» deitoratu ditu, «errepresio gehigarri bat» direlako: «Bukatu behar du espetxeetako salbuespenak. Preso asko kalean egon zitezkeen, zigor gehigarriak erantsiko ez balitzaizkie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.