KAZAKHSTAN

Kazakhstango segurtasunerako buru ohia atxilotu dute, istiluekin lotuta

Purga bat hasi dute, eta Massimovi goi traizioa eta manifestariei buruzko informazioa ezkutatzea leporatzen diote. Tokaiev presidenteak adierazi dio Putini egoera «egonkortzen» ari dela

Militar batzuk, gaur, Nursultanen, Kazakhstango hiriburuan. Presidenteak eskatuta, ODKB aliantzako militarrak ere herrialdera iritsi dira azkeneko egunotan. RADMIR FAHRUTDINOV / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 8a
19:17
Entzun

Kazakhstanen azken astean gobernuaren aurka piztu diren protestekin lotuta, Karim Massimov herrialdeko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru ohia atxilotu dute estatuko indarrek, goi traizioa leporatuta. Kassim-Jomart Tokaiev presidentearen aholkulari Ermujamet Ertisbaevek herrialdeko telebista kate publikoari gaur adierazi dionez, manifestariek prestakuntza jaso dute entrenamendu gune batzuetan, eta segurtasunerako burua izandakoari informazio hori ezkutatzea egozten diote. «Hori estatu krimen izugarri bat da», nabarmendu du. Tokaievek purga bat hasi du, beraz.

Asteazkenean eta ostegunean lehertu ziren manifestazioak, batez ere Almaty hirian, herrialdearen ekialdean. Gobernuak dimisioa eman zuen, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko errepublika ohiko presidenteak laguntza eskatu zien eskualdeko aliatuei. ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko kide da Kazakhstan, Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistanekin batera, eta aliantza horrek babes militarra eman dio. Horren ondorioz,  uste du egoera «egonkortzen» ari dela. Hori adierazi dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, telefonoz, Kremlinek ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Tokaieven esanetan, ODKBren laguntza ezinbestekoa izan da, modu horretan errefortzuak bidali ahal izan baitituzte Almatyra. Efe berri agentziaren arabera, indar militarrek hiria hartu dute, baina atzo, oraindik ere, tiroak entzuten dira kaleetan. Udalak jakinarazi du laster irekiko dituztela supermerkatu handiak, eta aireportua ere datozen egunetan zabaltzekoak direla. Herrialde osoan dituzte, gainera, bai sarera konektatzeko, bai telefono bidez komunikatzeko zailtasunak.

Barne Ministerioak liskarrei buruzko zenbakiak berritu ditu, gaur, eta jakinarazi guztira 26 zibil eta estatu indarretako hemezortzi kide hil direla. Tokaievek Polizia indarrei eskatu zien, atzo, abisurik eman gabe «hiltzeko» tiro egiteko mobilizazioetan parte hartzen duten manifestariei. 1.000tik gora dira zaurituak, 500 bat ospitaleratuak, eta 4.400 lagun inguru atxilotuak.

Atxilotuetako bat da Massimov. 2016tik joan den asteazkenera arte izan zen batzordeko burua. Batzordeak berak gaur kaleratutako oharrean azpimarratu zuenez, gobernuak dimisioa eman ondorengo egunean Segurtasun Kontseiluaren bilerara deitu zuten, eta horretan parte hartu zuten presidenteak eta, besteak beste, Massimovek berak. Bilera bukatuta atxilotu zuten. Kazakhstango Zigor Kodearen 175. artikuluak zehazten du goi traizioagatik zigortuak direnei hamabost urteko kartzela zigor jar diezaieketela. Batzordeak adierazi du atxilotze gune batean dagoela «beste batzuekin» batera; ez du, zehaztu, ordea, beste horiek ere batzordeko funtzionario ohiak ote diren.

Azkeneko hiru hamarkadetan hainbat kargu eduki ditu Massimovek: Garraio ministroa izan zen (2000-2001), Ekonomiakoa (2006), baita lehen ministro ere, bi aldiz: 2007tik 2012ra, eta 2014tik 2016ra. 1990etik 2019ra herrialdeko gobernuaren presidente izandako Nursultan Nazarbaiev en aliatua izan da, horrenbestez. Eta azken egunotako zurrumurruek zioten Nazarbaiev, hain zuzen, erbestera alde egina zela, segurtasunagatik. Baina presidente ohiak jakinarazi du Kazakhstanen dagoela, eta, gainera, babesa agertu dio Tokaievi. Presidente ohiaren bozeramaileak Errusiako Interfax berri agentziari adierazi dionez, «harreman zuzena» du bai Tokaievekin, baita «herrialde lagunetako» liderrekin ere. Hain justu, Nazarbaieven beraren kontrako oihuak entzun dira azken egunetan herrialdean egindako mobilizazioetan.

Alde egiteko baimena
AEBetako Gobernuak Almatyn duen kontsuletxeko langile ez-ezinbestekoei eta langile guztien senideei Kazakhstandik alde egiteko baimena eman die estatu departamentuak. «Manifestazioak, protestak eta grebak gerta daitezke, abisurik eman gabe», azaldu du, ohar batean.  Washingtonek tentsioa baretzera deitu du azkeneko egunetan. EB Europako Batasuna, Erresuma Batua, NATO eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ere ere ildo beretik mintzatu dira, eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.