Zinema

'The Power of The Dog' eta 'West Side Story' garaile, inoizko Urrezko Globorik polemikoenetan

Telebistarik gabeko gala batean eta zinema munduak bizkarra emanda banatu dituzte Hollywoodeko atzerriko prentsaren sariak

'West Side Story' filma. BERRIA
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 10a
08:34
Entzun

Aspalditik zetorren polemika. Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkartea (HFPA) behin baino gehiagotan salatu dute aniztasunik ezagatik, baita ustelkeriagatik ere. Eta aurten boikota izan du ordainean. HFPAk banatzen dituen Urrezko Globoak Oscar sarien atarikorik garrantzitsuenak izaten dira, faborito nagusiak bideratzen dituztenak, baina aurten telebistaren eta zinema munduaren bozgorailurik gabe banatu dituzte. Gala Los Angelesko (AEB) Beverly Hilton hotelean egin dute, baina ateak itxita. Telebista kamerarik, alfonbra gorririk, gonbidaturik, izarrik eta akreditatutako prentsarik gabe.

Gauzak horrela, The Power of The Dog westerna eta West Side Story musikala nabarmendu dira Urrezko Globoen palmaresean, biek ala biek hiru sari eskuratuta. The Power of The Dog-ek garaikur hauek irabazi ditu: film dramatikorik onenarentzakoa, zuzendaririk onenarentzakoa (Jane Campion) eta taldeko gizonezko aktorerik onenarentzakoa (Kodi Smit-McPhee).

Steven Spielbergek zuzendutako filmak ere hiru Urrezko Globo eskuratu ditu: komedia edo musikalik onena, emakumezko aktorerik onena (Rachel Zegler) eta taldeko emakumezko aktorerik onena (Ariana DeBose).

Interpretazioei dagokienez, benetako bi pertsonaiaren azalean jarri diren Hollywoodeko bi izar saritu dituzte Urrezko Globoek. Emakumezko aktorerik onena Nicole Kidman izan da, Being The Ricardos filmean egindako lanagatik. Film horretan, Lucille Ball telebistako izarra izan zenaren rola bete du Zeelanda Berriko aktoreak. Gizonezko aktorerik onenaren saria, berriz, Will Smithentzat izan da, King Richard filmagatik. Venus eta Serena Williams tenis jokalarien aitaren rola jokatu du Smithek film horretan.

Komedia edo musikaleko gizonezko aktorerik onenaren Urrezko Globoa, bestalde, Andrew Garfieldek jaso du, Tick, Tickā€¦ Boom! filmagatik.

Ingelesez besteko filmik onenaren saria Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car-entzat izan da.

Soinu bandarik onenaren saria eskuratzeko hautagaien artean Alberto Iglesias donostiarra zegoen, Madres paralelas filmarentzat egindako lanagatik, baina, azkenean, Urrezko Globoa Hans Zimmerrentzat izan da (Dune).

'Succession' eta 'Hacks' telebista sarietan garaile

Oscarrek ez bezala, Urrezko Globoek telebistako ekoizpena ere aitortzen dute, eta, aurten, HBO katea izan da, berriro ere, garaile nagusia. Succession-en bigarren denboraldiak telesail dramatikorik onenaren saria jaso du, eta baita interpretazioari lotutako beste bi ere: Jeremy Strong (gizonezko aktorea) eta Sarah Snook (taldeko emakumezko aktorea). Kate bereko Hacks telesaila, berriz, komediazko telesaili onena izendatu dute, eta serie horretan egindako lanagatik emakumezko aktorerik onenaren saria bereganatu du Jean Smartek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.