Brasil

Gutxienez hamar turista hil dira Brasilen, harrizko horma bat gainera erorita

Minas Gerais estatuan gertatu da ezbeharra, Furnas lakuan. Segurtasun langileak bilaketa lanetan ari dira.

Nagore Arin.
2022ko urtarrilaren 10a
10:43
Entzun

Furnas lakuaren inguruan gertatu da ezbeharra, Brasilgo Minas Gerais estatuan: harrizko horma bat turistaz beteriko hainbat txalupen gainera erori da, eta segurtasun indarren eta hedabideek zabaldutako datuen arabera, gutxienez hamar lagun hil eta 31 zauritu dira.

Ezbeharraren ondorioz, hainbat pertsona desagertuta egon daitezke, eta segurtasun langileak bilaketa lanetan ari dira. Aurreratu dute bilaketa lana ez dela ez erraza ezta azkarra izango, eta hainbat egun beharko dituztela horretarako.

Inguru horretan zeuden zenbait norbanako grabatzen ari ziren ezbeharra gertatu denean. Bideoz jaso bakarrik ez, sareetan ere zabaldu dituzte irudi ikusgarriak, eta zenbait erabiltzaile saminez mintzatu da gertatutakoaren inguruan. Bada, gainera, harri handi horren irudi bat gogora ekarri eta duela hainbat urte eremu horretan ateratako argazki bati buruz hitz egin duenik.

Flavio Freitas erabiltzailearena da argazkia, eta 2012. urtean atera zuen. Facebook sare sozialean partekatu zuen, eta argazkiarekin batera, honako hau jarri zuen goiburuan: "Harri hori erori egingo da". Ikus daitekeen bezala, arrakala handi bat zuen harriak, eta hainbat erabiltzaile ezbeharra gertatu baino lehen harriaren egoera "kaskarra" ote zen edota "amiltzeko zorian" ote zegoen galdetzen hasi da.

Ikerketa bat ireki dute gertaera aztertzeko, eta adierazi dute ziurrenik segurtasun arauak berrikusiko dituztela etorkizunean berriro ere halako «tragediarik» gerta ez dadin. Halaber, azaldu dute ezbeharra gertatu baino bi ordu lehenago Defentsa Zibiletik alerta piztu zutela eurite gogorrengatik, baina ibilaldi turistikoek bere horretan jarraitu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.