AEB-AK

Gutxienez 19 pertsona hil dira New Yorken izandako sute batean

Berogailu elektriko batean hasi da sugarra, eta eraikin osora hedatu da. Gutxienez 19 pertsona hil eta 63 zauritu dira. Konpentsazio funts bat jarriko dute kaltetuentzat.

jarraia208151.jpg
2022ko urtarrilaren 10a
11:46
Entzun

Bronx auzoko eraikin batean gertatu da ezbeharra, New York hirian, eta, agintariek oraindik datu ofizialik plazaratu ez duten arren, gutxienez 19 pertsona hil eta beste 63 zauritu direla esan du Poliziak, eta horietako 32 oso larri daudela. New York Post egunkariaren eta ABC7 telebista katearen arabera, 19 horietatik bederatzi haurrak dira.

Daniel Nigro New Yorkeko Suhiltzaileen komisarioaren arabera, «gaizki zebilen berogailu elektriko bat» izan da sutearen sorburu: bi solairuko etxebizitza batean zegoen, egongela batean, eta eremu hori guztiz kiskali ondoren, eraikin osora hedatu da sugarra. Suhiltzaileen hitzetan, oso azkar zabaldu da, «ezohiko abiaduran».

Konpentsazio funts bat

Eric Adams New Yorkeko alkateak esan du zenbakiak «izugarriak» direla , eta hirian azkenaldian izan den suterik okerrenetako bat dela: «New York hiriaren aro modernoan izandako suterik okerrenetako bat». Suteak hondatutako eremuan hitz egin du, eta nabarmendu du ikerketa bat ireki dutela zer gertatu den argitzeko.

Gauza bera adierazi du Kathy Hochul New Yorkeko gobernadoreak, eta aitortu du «izututa» sentitzen dela. Halaber, adierazi du konpentsazio funts bat jarriko dutela kaltetuentzat. «Kaltetuen bizitza berreraikiko dugu, eta itxaropena emango diegu, batez ere Afrikatik etorri zirenei, Ganbiatik; hona, Bronxeko barruti handi honetara, bizitza hobe baten bila».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.