Etxegabetzea. Indarkeria matxista

Salatu dute indarkeria matxistaren biktima den emakume bat etxegabetuko dutela Barakaldon

Erabakia salatzeko, Argitan emakumearen aholkularitza zentroko eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformako kideak Barakaldoko Justizia jauregiaren aurrean mobilizatu dira.

Argitan emakumearen aholkularitza zentroko eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformako kideak mobilizatu egin dira gaur goizean, Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 10a
12:58
Entzun

Argitan emakumearen aholkularitza zentroko eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformako kideak Barakaldoko (Bizkaia) Justizia jauregiaren aurrean mobilizatu dira gaur goizean, Alokabide Eusko Jaurlaritzaren alokairurako sozietate publikoak Barakaldoko emakume bat kanporatzeko prozedura eskatu duela salatzeko. «Lau seme-alaba ditu, horietako hiru adingabeak, indarkeria matxistaren biktima da, eta udaleko gizarte zerbitzuek egiaztatutako kalteberatasun egoeran dago», salatu dute mobilizazioan. Jakinarazi dutenez, etxegabetzeko agindua urtarrilaren 31rako ezarri da, 09:15ean, «nahiz eta kolektibo ahulentzako etxegabetzeen luzamendu politikak zabaldu diren».

Mobilizazioaren deitzaileek adierazi dutenez, indarkeria matxistaren biktima izan zen emakumeari «premiazko harrera» egin zioten 2021eko maiatzean, matxismoaren biktima izan ziren emakumeentzako babesleku batean. Horregatik, gogorarazi dute egoera horri aurre egiteko asmoz Alokabidek hilabete horretako 21erako emandako etxegabetzea geldiaraztea erabaki zuela.

Halere, «ez Udaleko gizarte zerbitzuek ez Eusko Jaurlaritzak» hilabete hauetan ez diote bizitoki alternatibarik eskaini indarkeria matxistaren biktima den emakume horri, «egungo legediak eta egungo jarduera protokolo guztiek eskatzen duten bezala». Eta, ohartarazi dutenez, bi administrazioek erabaki dute bertan behera utzitako exekutatuko den husteko agindua berriro «martxan jartzea» erabaki zuten: «Egiaztatu dugu alarma-egoeran zehar, arazo honetarako araudi gehiago onartu ondoren ere, ez direla etxegabetzeak eten».

Indarrean dagoen legediaren arabera autonomia erkidegoak etxebizitza batean kalteberatasun egoera egiaztatuan dauden pertsonen «berehalako birkokatzea bermatzera» behartuta dago, gogorarazi dute. Beraz, «Barakaldoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute legeria hori betetzen etxegabetzeen arazoari aurre egiteko, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenez edo NBE Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordearen irizpenaz gain». Gainera, «Alokabidek eta Barakaldoko Udalak ez dute betetzen Eusko Jaurlaritzak, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an sinatutako etxegabetzeen aurkako protokoloa; izan ere, protokolo horretan jasotzen da erakundeek bizitegi alternatiba duin bat jarri behar dutela ukitutako familien eskura, eta betebehar hori ez da inoiz betetzen, gizarte presioaren bidez izan ezik».

«Prekaritatea eta pobrezia emakumeen artean errotzen dira, eta etxegabetzeak ez dira salbuespen bat», salatu dute, eta erakundeei eskatu diete «berdintasunaren aldeko jarduerak» lehenesteko krisi ekonomiko eta soziosanitarioko garai honetan. «Izan ere, gizarte arloan egiten duten jarduerak gizarte eskubideak murriztea baino ez du helburu, indarkeria matxistaren biktima den emakume baten kaleratze horren adibide gisa», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.