Hezkuntza

Irakasteredu bakarra ezartzea eta ikastetxeak progresiboki publifikatzea proposatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Eusko Legebiltzarrean hezkuntza ituna lortzeko prozesuaren barruan, bere ekarpenak jaso dituen dokumentua aurkeztu du koalizioak. Eztabaida «lasaia» galdegin dute parlamentariek.

Gorrotxategi eta Martinez Zaton, legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko urtarrilaren 10a
14:35
Entzun

«Beste hezkuntza sistema batera jo behar dugu: eskola publikoak hegemonikoa izan behar du, gizarte kohesioaren bermatzaile». Hezkuntza ituna erdiesteko bidean, bere proposamena aurkeztu du gaur Elkarrekin Podemos-IU koalizioak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren ardatzak jaso ditu, 80 proposamen berdintasunezko euskal eskola publiko integral baterako izeneko dokumentuan. Miren Gorrotxategi legebiltzarreko bozeramaileak eta Iñigo Martinez Zaton parlamentariak azaldu dutenez, «diskriminazioari aurre egiteko eta ikasleak euskalduntzeko tresna eraginkorra izango den hezkuntza eredu hobea» lortu nahi dute, eta horretarako hainbat neurri jarri dituzte mahai gainean, hala nola hamar urteko epean itunpeko ikastetxeak publiko bihurtzea, matrikulazio irizpideak aldatzea, eta euskara ardatz hartuko duen irakasteredu bakarra ezartzea.

Hurrengo hezkuntza legea ekarriko duen hausnarketa prozesuan murgilduta dago Eusko Legebiltzarra, eta hainbat adituren ekarpenak izan dituzte Hezkuntza Batzordean azken hilabeteetan. Horiei entzun eta gero ondu du bere proposamena Elkarrekin Podemos-IUk. «Hezkuntzak eztabaida lasaia behar du, adostasun zabalak eskatzen ditu. Hezkuntza legeak datozen hamarkadetarako oinarriak ezarriko ditu; beraz, erantzukizun handia sentitzen dugu momentu hauetan», adierazi du Martinezek. Koalizioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, alderdi politikoei eta hezkuntza eragileei bidaliko die dokumentua, eta, datozen asteetan kontrastea egin ondoren, otsailean aurkeztuko dute behin betiko proposamena, legebiltzarrean.

Gorrotxategiren hitzetan, «eredu publikoa, pluralista» nahi dute, «herritar kritikoak heziko dituena eta eredu lehiakorretik aldenduko dena». Hausnarketaren abiapuntu gisa kokatu du eskola segregazioa: «Oso arazo larria da. Ume pobreak edo etorkinak leku jakin batzuetan pilatzen dira, eta beste leku batzuetan ez dago aniztasunik. Hori arazo handia da gure kohesio sozialerako». Hala, txostenaren arabera, hezkuntza ituna «konpromiso politiko, sozial eta demokratiko batean» oinarritu behar da, «eskola segregazioa amaitzea helburu duena».

Bide horretan, matrikulazioarekin lotuta hainbat neurri proposatu ditu. Batetik, «ikasleak hautatzeko prozesuak» desagerraraztea eta, halako jardun «informalak» saihesteko, «zonako edo udaleko matrikulazio bulego bakarrak» sortzea, ikastetxeetatik independenteak, «ikasleen matrikulazio prozesu gardena eta orekatua bermatzeko»; ikasleen aniztasuna bermatzeko neurriak hartzea eta «maila sozioekonomiko baxuko familien aldeko diskriminazio positiboa» ezartzea ere aipatu du. Bestetik, «eskola eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzea» proposatu du: «Gehiegizko eskaintzak segregaziorako joera handiagoa dakar». Hala, Elkarrekin Podemos-IUren dokumentuaren arabera, sare publikoko eskolek zona bateko matrikulazioa bere gain har badezakete, «ez da itundu behar eskaerari erantzuteko beharrezkoak ez diren ikasgelarik edo ikastetxerik». Era berean, konplexutasun handiko zentroetan «baliabide ekonomikoak handitzeko mekanismoak» adostea proposatu du.

Publifikaziorantz

Horretarako, koalizioak uste du «titulartasun publikoko ikastetxeek» izan behar dutela hezkuntza publikoaren ardatza. «Gure eskola sistema erdibanatuta dago sare publikoaren eta pribatu-kontzertatuaren artean, eta bikoiztasun hori ohiz kanpokoa da estatuan eta Europan. Eskola mapa hori, kontzertazio politika orokor batek lagunduta, ikasleen jatorriaren eta klase sozialaren araberako eskola segregazio galantaren oinarrian dago», dio txostenak. Errealitate «dikotomiko» hori ez betikotzera deitu du, eta «sare publiko integral baten garapen progesibora» jotzera: hamar urteko epea jarri du hori lortzeko. «Badakigu trantsizio bat gertatu behar dela, eta pauso batzuk proposatu ditugu», esan du Gorrotxategik. Administrazioaren titulartasuneko ikastetxe berriak sortzeaz gain, eskolen publifikazioa bideratzea ere proposatu du, eta horretarako «araudi bat adostea». Etorkizuneko hezkuntza legea «ez hipotekatzeko», egun beharrezkoak diren hezkuntza itunak soilik urtebetez edo bi urtez luzatzea galdegin du koalizioak.

Bide horretan, eskola mapa berriz diseinatu nahi du, errealitate berrira egokitzeko eta hezkuntza eskaintza planifikatzeko. «Hezkuntza pribatu-itunpekoa mugatzea» ageri da neurri zehatzen artean: «Eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean lerro pribatu eta itunpeko berririk ez irekitzea, eta derrigorrezkoak ez diren etapetan ez ituntzea».

Euskara ikastea, eskubide

Euskarari eta hizkuntza ereduari ere atal bat eskaini dio koalizioak dokumentuan. Eskola «funtsezkotzat» jo du ikasleak euskalduntzeko prozesuan, eta tresna gehiago eskatu ditu batik bat errealitate soziolinguistikoaren ondorioz baliabide nahikorik ez duten inguruetan. «Euskara jakitea haur eta gazte guztien eskubidea da, eta administrazioak eskubide hori gauzatzeko bitartekoak indartu egin behar ditu», dio agiriak.

Hala, A, B eta D ereduen sistema gainditzera deitu du Elkarrekin Podemos-IUk: «Euskara ardatz egituratzaile duen hizkuntza eredu eleaniztunari bide eman behar diogu». Bigarren hezkuntza bukatzean B2 maila lortzea egokitzat jo du, baina horretarako «tokiko egoera soziolinguistikoaren araberako hizkuntza proiektuak» sortzearen alde agertu da; egitasmo horietan, bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat uztartzea eta «komunikazio hizkuntza» gisa erabiltzea planteatu du. «Ikastetxeei hizkuntza proiektua garatzeko autonomia ematen bazaie ere, Hezkuntza Sailak ezin du bere erantzukizuna alde batera utzi: udalerri guztietan nahitaez bete beharreko esparru komun bat ezarri behar du».

Baliabide gehiago

Hori guztia gauzatzeko, ordea, hezkuntza sistema baliabidez hornitzea funtsezko ikusten du Elkarrekin Podemos-IUk. Hortaz, hezkuntzako aurrekontua «legez blindatzea» proposatu du, eta 2030. urterako BPGaren %7ra iristea. Sistema hobetzeko giltzarrien eremuan, langileen baldintzak hobetzea aipatu du koalizioak: lan egonkortasuna handitzea, azpikontratazioak amaitzea, ratioak txikitzea... «Hezkuntzak kalitatezkoa izan behar du, baita bertan lan egiten dutenentzat ere», adierazi du Gorrotxategik. Administrazioaren eta ikastetxeen arteko harremana birpentsatzea ere planteatu dute, «deszentralizatzeko, baina desarautu gabe».

Curriculumari buruzko atalean, berriz, eskolaren «izaera laikoa bermatzeaz» mintzatu da proposamena: «Erlijio sinbolorik gabeko espazioa izan behar du, eta eduki konfesionalik gabeko hezkuntza curriculuma izan behar du». Hezkidetzaren arloan, hezkuntza sistema osoan «egiturazkoa» izango den programa bat sortzea galdegin du koalizioak, eta, hala, «hezkuntza afektibo-sexuala instituzionalizatzea». «Memoria demokratikoa» curriculumean txertatzea proposatu du, baita filosofia indartzea ere. Digitalizazioari dagokionez, zentro publikoetan software askea erabiltzea aldarrikatu du Gorrotxategik: «Enpresa handien negozioak ez dio mesederik egiten gure sistemari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.