Europako Batasuna

David Sassoli hil da, Europako Parlamentuko presidentea

Italiako Aviano erietxean zegoen politikaria joan den abenduaren 26tik. 65 urte zituen, kazetaria zen, eta 2019tik ziharduen Europako Parlamentuko presidente.

David Sassoli, Estrasburgn, artxiboko argazki batean. JULIEN WARNARD, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 11
08:58
Entzun

Europako Parlamentuko presidente David Sassolik bi aste zeramatzan erietxean. 65 urteko buruzagia abenduaren 26an eraman zuten Italiako Aviano ospitalera immunitate sistemako arazoengatik, eta haren bozeramaileak gaur goizaldean eman du heriotzaren berri, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean, eta zehaztu «datozen orduetan» emango dutela hiletaren egunaren eta tokiaren dataren berri.

2019tik zuzentzen zuen Sassolik Europako Parlamentua, eta datorren asteartean zuen amaitzekoa agintaldia —ez zuen hurrengo legealdirako hautagaitzarik aurkeztu—. Duela hiru urteko uztailean, kargurako aukeratu zutenean, Sassoliren izena ez zegoen hautagaien artean. Hauteskundeen ostean, estatuburu eta gobernuburuek adostu zuten kargua sozialdemokrata batentzat izango zela, baina Europa ekialdeko batentzat, Bulgariako Sergei Stanisheventzat. Baina parlamentuko kideak ez ziren bat etorri erabakiarekin, eta kazetari italiarra aukeratu zuten kargurako. Sassoli bera ez zen berria parlamentuko lanetan; izan ere, presidenteorde karguan aritua zen aurreko legealdian.

Politikari italiarraren osasun arazoak ere ez dira berriak, eta okerragotu egin dira azken hilabeteetan. Joan den irailean erietxeratu egin behar izan zuen pneumoniak jota, eta bi hilabete egin zituen zaintzapean. Azaroan itzuli zen lanera, baina abenduan bigarrenez eraman behar izan zuten erietxera, oraingoan immunitate sistemako arazoengatik. Haren heriotzak erreakzio katea eragin du Bruselan. Europar Kontseiluko presidente Charles Michel atsekabetuta agertu da politikariaren heriotzarengatik, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyenek berak egin bezala, Michelek nabarmendu ditu haren «eskuzabaltasuna eta irribarrea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.