Jaiak

Helduen danborrada ere bertan behera utzi dute Azpeitian

Bart hartu zuten erabakia udalak eta danborradan parte hartzen duten eragileek. Danborradarik izango ez denez, San Sebastian festak ere ez dituzte ospatuko.

Azpeitiko Danborradaren une bat, artxiboko irudi batean. ONINTZA LETE ARRIETA / UROLA KOSTAKO HITZA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 11
10:40
Entzun

Aurten ez da danborradarik izango. Ez Donostian, ez Azpeitian (Gipuzkoa). Udalak joan den ostiralean iragarri zuen umeen danborrada bertan behera utziko zuela, eta bart gauean jakinarazi zuen gauza bera egingo duela helduenarekin. Atzo iluntzean hartu zuten erabakia, udalak eta danborradan parte hartzen duten eragileek egin zuten bileran.

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, iaz ere ez zuten San Sebastian jairik ospatu Azpeitian. Bigarren urtez jarraian ez dituzte festa horiek ospatuko, beraz. Erabakia «adostasunez» hartu zutela esan du udalak: «Iritzi eta ekarpen ezberdinak entzun ostean hartu dugu erabakia, pena handiz». Ez dute ekitaldirik antolatuko urtarrilaren 20an; ez dituzte sansebastianak ospatuko.

Dena den, udalak argi utzi du hasieratik zutela danborrada antolatzeko asmoa, baina egoerak «ezinezko» bihurtu duela nahi hori. Hori azaltzeko, datuak eman ditu: «2020an, azken aldiz helduen danborrada egin zenean, 1.500 parte hartzailetik gora izan ziren herriko kaleetan San Sebastian bezperan. Horiez gain, urtero ehunka lagun elkartzen dira kale ertzetan danborjoleak animatzen eta festaz gozatzen. Labik ezarritako azken arauen arabera, kanpoaldeko ekintzetan bildu daitekeen pertsona kopurua 800 da, eta, hemen, aise gainditzen dugu kopuru hori».

Haurren danborrada bertan behera utzi zuenean, erakundeak ez zuen baztertu jaia beste egunen batean egiteko aukera, baina helduen danborradaren kasuan ez dio aipamenik egin aukera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.