INDARKERIA MATXISTA

Bordeletik gertu atxilotu dute Tuteran hilda aurkitutako emakumearen senarra

Astelehen goizean 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten foruzainek eta suhiltzaileek Tuteran. Emakumearen senarrak hil duela, hori da hipotesi nagusia. Elkarretaratzeak egin dituzte hilketa salatzeko, Tuteran eta Cortesen.

Tuterako hilketa salatzeko elkarretaratzea, gaur, Tuteran (Nafarroa). IñIGO URIZ, FOKU
2022ko urtarrilaren 11
12:36
Entzun

38 urte zituen Sara Pina Ieregik, eta irakaslea zen Castejongo (Nafarroa) Dos de Mayo ikastetxean. Corteskoa zen sortzez, eta 2017an ezkondu zen senarrarekin, orain atzematen ari diren horrekin. Tuterako Iruñea kalean bizi ziren senar-emazteak. Astelehenean, abisatu zuten Pina ez zela lanera agertu eta lehenagotik ere ez zutela haren berririk, eta foruzainak eta suhiltzaileak joan ziren etxera; indarrez sartu ziren, eta hilik aurkitu zuten emakumea gela batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Epailearen esanetan, urtarrilaren 8 eta 9 artean hil zuten emakumea.

Ikerketaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea; 41 urte ditu gizonak, J.M.U.A.-k. Eskuko telefonoa etxean utzita alde egin zuen, eta hura ere ez zen agertu lanera astelehen goizean. Hortaz, hura bilatzeko agindua eman zuen epaileak, eta astearte eguerdi honetan atzeman dute, Boisredon herrian (Okzitania), Bordeletik 65 bat kilometro iparraldera. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, auzia daraman epaileak euroagindu bat eman du preso har dezaten, hilketa egotzita ikertzeko, eta arratsaldeko lauak baino lehentxoago atxilotu dute.

Hilketa salatzeko elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Erriberako M8 plataformak. Dozenaka lagun bildu dira, 20:00etatik aitzina, Tuterako Foruen plazan. «Sararengatik eta beste guztiengatik! Etor zaitez!», izan dute lelo, taldeak aurrena sare sozialetan iragarri duenez. «Amorrua» azaldu dute gertatutakoaren harira.

Hiru eguneko dolua Cortesen

Alejandro Toquero Tuterako alkateak jakinarazi du ezohiko batzarra egingo dutela bihar, asteazkena, 09:30ean. Azaldu du berdintasun planeko protokoloari jarraituz egin duela biharko deialdi hori, eta batzarrean aztertuko dutela zer ekintza egin. Cortesko Udalak, berriz, 19:30ean egingo du ezohiko batzarra —hangoa zen Sara Pina sortzez—, eta herritarrek elkarretaratzea egin dute, Tuteran egin antzera. Herriko bandera haga erdira jaitsi dute, eta hiru eguneko dolua agindu dute, gainera. Halaber, beste herri batzuetan ere deitu dituzte hilketa gaitzesteko elkarretaratzeak: Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, protestak eginen dituzte bihar, besteak beste, Iruñean eta Bilbon. Iruñean 20:00etan eginen dute, Udaletxe plazan. Bilbon 19:45ean bilduko dira, Arriagan.

Bestalde, astearte goiz honetan, bestalde, Nafarroako Parlamentuaren atarian elkarretaratzea egin dute parlamentariek eta gobernuko kontseilariek ere. Foruzaingoak atzo ez zuen zehaztu nahi izan indarkeria matxistako kasu bat izan ote den, ikerketa sekretupean dagoelako, baina elkarretaratzearen amaieran Javier Remirez presidenteorde lehenak adierazi du hilketa «emakumeen aurkako indarkeria» kasu bat dela. «Ustezko homizidio bat» izan dela erantsi du.

Poliziak azaldu duenez, emakumearen familiartekoek larunbatetik haren berririk ez zutela jakinarazi zieten foruzainei, eta Poliziak atzo etxebizitzan indarrez sartzea erabaki zuen; orduan aurkitu zuten hilotza. Gaur egingo diote autopsia, Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan. Tuterako 1. Instrukzio Epaitegiak sekretupean jarri du kasua, baina auzitegi bereko bigarren aretoari pasatuko dio kasua, hura baita indarkeria matxistako kasuetan espezializatutakoa. Hildako emakumeak ez zuen aurrez tratu txarrekin lotutako salaketarik jarri.

«Amorrua eta asperraldia»

Sare sozialetan gertaera gaitzetsi dute hainbat erabiltzailek. Gogor salatu du, besteak beste, EH Bilduko parlamentari Patricia Peralesek: «Beste emakume bat eraila izan da! Amorrua eta asperraldia. Nire babes osoa familiari eta ingurukoei».

Tuterako EH Bilduk ere salatu du gertakaria: «Onartezina da». Babesa agertu die alderdiak ere emakumearen ingurukoei, eta «autodefentsa feminista» aldarrikatu du. PSNk ere salatu egin du hilketa, eta elkartasuna eta babesa agertu dizkie hildako emakumearen senideei.

Hilketa matxista bat izan dela baieztatuko balitz, 2022an Euskal Herrian hil duten lehena litzateke. 2021. urtean bost emakume hil zituzten, eta 2003. urtetik jada 112 dira eraildako andreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.