Lan erreforma

Confebask: «Akordio historikoa da; muinari eutsi zaio»

Confebaskeko presidenteak uste du «denak» daudela pozik, patronala eta sindikatuak, eta ez dagola arriskurik estatuko itunak Euskal Herrian egindakoei gailentzeko: «Eztabaida filosofikoa da, benetako kezka bat baino gehiago»

Eduardo Zubiarre Confebaskeko presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2022ko urtarrilaren 11
17:09
Entzun

Confebaskek berretsi du euskal patronala oso gustura dagoela Espainiako Gobernuak eta eragile sozialek adostu dute lan erreforma berriarekin. «Historikoa da; aurrekoaren muinari eutsi dio», esan du Eduardo Zubiaurre presidenteak, ETBn. Espainiako Kongresuaren onespena behar duen lan araudi berriak bere horretan utzi ditu erraztasun guztiak enpresetan kaleratze kolektibo handiak egiteko, eta kaleratze horien kalte-ordainak ez ditu lehengoratu PPren lan erreformaren aurreko mailara; alegia, hark ezarritako murrizketak ere bere egin ditu PSOE eta Unidas Podemosen gobernuak.

«Malgutasuna» dela eta, Confebask gustura dago Madrilen adostutako idatziarekin. «Enpresei segurtasun handia ematen die, eta egonkortasuna etorkizunerako», esan du Zubiarrek. Haren arabera, «oso positiboa» da hiruko akordioa: «Enpresaren askatasuna lortu da, eta malgutasuna antolaketarako, eta aurreko erreformaren oinarri nagusiei eutsi zaie».

Zubiaurrek badaki oraindik Kongresuko baietza behar duela lan araudi berriak, eta «ardura ariketa bat» eskatu die alderdiei; «ez dakit zer beste arrazoi politiko egon daitekeen gobernuaren eta eragileen artean adostutako akordio baten aurrean», esan du, EAJ estu hartzeko ematen duen adierazpen batean. «Enpresak lehia daitezke, inbertsioak egin, enplegua sortu, eta sindikatuek arazo batzuk konpontzeko akordioa dute, adibidez behin-behinekotasuna eta ultraaktibitatea; beraz, oreka bat lortu da, eta denok gaude pozik emaitzarekin».

Euskal gehiengo sindikala ez dago pozik, ELA eta LAB behin eta berriro esaten ari direnez, kaleratze erraz eta merkeekin batera estatuko sektore itunei eman dietelako lehentasuna. «Hori eztabaida filosofikoagoa da, benetako kezka bat baino», esan du Zubiarrek. Confebaskeko presidenteak uste du ez dagoela arriskurik estatuko itunak euskal herrikoei gailentzeko, euskal esparru akordioa dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.