Gales

Galesek Hego Euskal Herriko hezkuntza ereduetan oinarrituriko sistema ezarriko du

Eskolek galesa irakaskuntza hizkuntza gisa gehiago eskaintzea da helburua, Hezkuntza ministroaren arabera.

Galesko eskola umeak ingelesa ikasten. HUW JOHN / WELSH LANGUAGE BOARD
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 12a
11:24
Entzun

Galesaren bidezko irakaskuntza bultzatu nahi du Galesko Gobernuak, eta, horretarako, Euskal Herrian erabiltzen den hizkuntza ereduen sistemari begira jarri dira. Hezkuntza Ministerioak iragarri duenez, irailetik aurrera, ikasturte berriarekin batera, hiru eredu eskainiko dituzte hango ikastetxeek, oinarrizko hezkuntzan.

Lehenengo ereduan, irakaskuntza ingelesez izango da, galesa ikasgai duelarik. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako A ereduaren pare.

Bigarren ereduan bi hizkuntzetan emango dituzte irakasgaiak. B ereduan bezala, beraz.

Hirugarren ereduan galesa izango da irakaskuntza hizkuntza, D ereduaren pare.

Orain arte, bost eredu izan dituzte Galesko oinarrizko hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzan, lau, hainbat azpieredurekin. Jeremy Miles Hezkuntza ministroak adierazi du orain arteko sistema oso nahasgarria dela gurasoentzat, eta hura argitze aldera hartu dutela erabakia. Hego Euskal Herriko sistema eredu gisa hartu dute, haren «arrakastarengatik». Nabarmendu dutenez, oinarrizko hezkuntzan euskaraz ikasten dutenen kopurua %25etik %90era handitu izanak piztu die arreta; haien datuen arabera, eta sistema aldaketarekin, «bultzada emango die ikastetxeei galesaren bidezko hezkuntza gehiago eskaintzeko, eta arreta ez da bakarrik galesa ikasgeletan irakastean jarriko: eskola orduen ondotik ere hizkuntzaren erabilera bultzatzea da asmoa».

Bigarren Hezkuntzako eskoletan ere hiru eredu ezarriko dituzte:

Bigarren eredua ezarriko da herri elebidunetan, eta hirugarrena galesdun proportzio handia dagoen lekuetan eta oinarrizko hezkuntzan eredu hori erabiliko duten eskoletan.

Ontzat eman du erabakia galesaren aldeko elkarte Cymdeithas Yr Laith Gymraeg taldeak, sistema berria aurrerapauso bat delakoan etorkizunean Galesko ikasle guztiak galesez mintzatu ahal izateko bidean.

Euskal Herrian hainbatetan bisitan egon dira Galesko agintariak, hizkuntzaren inguruko politikak aztertzeko. 2018ko urrian talde bat etorri zen, eremu eleaniztunetako hezkuntza ereduak ezagutzera. Gales hizkuntzaren arloan diharduten adituak ziren denak, eta horietako batekin mintzatu zen BERRIA, Galesa Ikasteko Zentro Nazionaleko (Canolfan Genedlaethol Dysgu Cymraeg) zuzendari Efa Gruffudd Jonesekin: «Zuek irakasle guztiak trebatu zenituzten duela 30 urte, baina guk ez dugu halakorik egin. Zuen hezkuntza sisteman, ikasle gehienek euskaraz ikasten dute; gurean, aldiz, %25ek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.