Hezkuntza sindikatuek grebara deitu dute biharko Iparraldean

Ikastetxeetako osasun protokoloak «egoera kaotikoak» sortzen dituela salatu dute, eta birusari aurre egiteko behar bezalako neurriak eskatu dituzte.

Ikasleak maskararekin, artxiboko irudian. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 12a
12:55
Entzun

Greban izango dira irakasleak eta ikastetxeetako langileak bihar Ipar Euskal Herrian. LAB, FSU 64, SE-UNSA 64 eta FNEC-FP-FO 64 sindikatuek egin dute deialdia, eta ordua 11:00etan eman dute, Baionako suprefeturaren aitzinean. Hezkuntza arloko langileek ikastetxeetako osasun protokoloa ezarri dute jomugan; Frantziako Gobernuaren eta batez ere Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kudeaketa salatu dute. Sindikatuen arabera, gurasoentzat eta irakasleentzat «ia ezinezkoa da» protokoloa betetzea, hurbileko kontaktu diren ikasleentzat batik bat. Izan ere, hiru proba egin behar dituzte ikasleek aste bakarrean, hurbileko kontaktu badira. Gurasoek eta irakasleek, ordea, «bete ezina» dela diote. Gainera, salatu dute irakasle ordezkarien lan baldintzak ez direla egokiak. Hori ikusita, birusaren zirkulazioari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte.

Hezkuntza eragileen haserrea ikusita, Jean Castex Frantziako lehen ministroak protokoloa arindu zuen herenegun, baina sindikatuek argi utzi dute «neurri txikiekin» ez dutela egoera hobetuko.

Iparraldeko herriko etxe zenbaitek dagoeneko iragarria dute haurren zaintza zerbitzu minimoa plantan jarriko dutela bihar eskola publikoetako ikasleentzat, hala nola Angelun, Bidarten eta Baionan (Lapurdi). Seaskan ere greba segitua izanen da, eta ikastola batzuk hetsita geldituko direla aurreikusten dute. Sail pribatu giristinoan ere irakasle zenbaitek greba segituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.