Hilketa matxista

Tuterako hilketaren harira, indarkeria matxistaren kontra protesta egin dute ehunka lagunek

Tuterako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du. Astelehenean hilda aurkitutako emakumearen senarra Parisera eramango dute, euroagindua aztertzeko. Bihar ere eginen dira elkarretaratzeak zenbait herritan, Mugimendu feministak deiturik.

Tuterako hilketa salatzeko elkarretaratzea Iruñeko Udaletxe plazan, gaur. IñIGO URIZ, FOKU
mikel p ansa
2022ko urtarrilaren 12a
15:00
Entzun

Amorrua eta indarkeria matxistaren gaitzespen irmoa azaleratu ditu, ezinbestean, astelehenean Tuteran hilda aurkitutako emakumearen kasuak, Sara Pina Ieregirenak. Atzotik, hainbat izan dira hilketa salatzeko eginiko keinuak. Gaur ere ugari izan dira, eta biharko ere antolatu dira zenbait protesta. Erakundeek zein Mugimendu Feministak irmoki deitu dituzte herritarrak hilketa salatzera. Tuterako Udalak emakume guztien aurkako indarkeria salatzeko deia egin du gaur iluntzerako, eta dozenaka lagunek egin dute bat elkarretaratzearekin, plaza nagusian. Gainera, Bilbon 19:45ean elkartu dira, Arriaga aurrean. Iruñean, 20:00etan, Udaletxe plazan.

Bihar, Donostian egingo dute, 19:00etan, Bulebarrean, eta Gasteizen, 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.

Sara Pina Ieregiren hilketa gogor salatu du Tuterako Udalak (Nafarroa). Protestaz gainera, asteazken goiz honetan ezohiko batzarra egin dute, eta adierazpen bat adostu dute alderdi guztiek. «Emakumeen aurkako indarkeriak oinarrian du plano sinbolikoan eta materialean gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzten botere harremanak, eta emakumeek beti gizonen menpean jarraitzea dute helburu. Giza eskubideen kontrako bortxaketa larri bat da emakumeen aurkako indarkeria», adierazi dute, besteak beste.

Corteskoa zen Pina, 38 urteko emakume bat, astelehenean bere etxean hilda aurkitu zutena, eta hango udalak atzo egin zuen ezohiko bilera, eta baita elkarretaratze bat ere. Arratsalde honetan egin diote hileta, Cortesen. Tuteran bizi zen emakumea, senarrarekin, eta bertako udalak gaur goizean egin du bilera, 09:30ean, minutu batez isilik egon ondoren. Hiru eguneko dolua ezarri dute. Alejandro Toquero alkateak irakurri du udal ordezkarien adierazpena. «Udalak tinko adierazten du bere gaitzespena». Babesa agertu diete senide eta lagunei, eta baita Castejongo eskola publikoari ere, han egiten baitzuen lan Pinak.

12:00etan elkarretaratzea egin dute udal ordezkariek, eta iluntzeko zortzietarako beste elkarretaratze batera deitu dute, Foruen plazan. Toquerok, adierazpenean, gogorarazi du indarkeria matxistak emakume guztiei eragiten diela, baldintzarik gabe, eta bortizkeria hori ikustaraztea eta salatzea «ezinbestekoa eta premiazkoa» dela. «Horregatik, baztertzen eta gaitzesten ditugu eraso, bortizkeria eta jarrera sexista guztiak, eta konpromisoa hartzen dugu emakumeek jasaten dituzten indarkeriak ezabatzen laguntzeko».

Gizarteari eskatu diote «rol eta estereotipo sexistetan oinarritzen den eredu kulturala» aldatzeko, horrek bermatzen baititu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak. «Herritarrei eskatzen diegu ez gelditzeko sorgortuta emakumeen jasaten duten indarkeriaren aurrean, eta aldarrikatzen dugu emakumeek eskubidea dutela seguru eta aske bizitzeko».

CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, gaur eguerdian egin dute elkarretaratzea, Iruñean. Gizarteari, alderdi politikoei eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete emakumeen kontrako indarkeria erauzteko neurriak lantzeko. Hezkuntza sisteman berdintasunean hezteko neurriak hartzeko ere eskatu dute: «Hori da aurrera egiteko dugun modu bakarra».

Pinaren hilotza astelehen goizean aurkitu zuten, etxean, Tuterako Iruñea etorbidean. Labankadaz hil zuten. Senarraren bila hasi ziren poliziak; eskuko telefonoa etxean utzia zuen. Atxilotzeko euroagindua ere eman zuen Tuterako Instrukzioko 1. aretoak. Astearte arratsaldean atzeman zuten gizonaren ibilgailua, Boisredongo zerbitzu gune batean, Bordeletik 65 kilometro iparraldera (Okzitania). Tuteratik ia 500 kilometrora zegoen, eta hedabide batzuen arabera, ibilgailuaren GPSari jarraituz atzeman zuten.

Jendarmeek atxilotu zuten, eta geroztik preso dago. Parisera eraman behar dute, han erabakitzen direlako euroagindu eskariak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, gizona ez dute estraditatuko ez gaur eta ez bihar: itxaron egin beharko da. Bitartean, auzia Tuterako Instrukzioko 2. aretora pasatuko dute, hura arduratzen baita indarkeria matxistako kasuez. Jose Maria Uruñuela Anso du izena gizonak, eta 41 urte ditu. Ikerketaren lehen hipotesien arabera, aurreko larunbatean edo igandean hil zuen gizonak andrea.

Nafarroako Gobernua, akusazio

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko dela. Hala iragarri du Javier Remirez Presidentetza eta Berdintasun kontseilariak gaur. Indarkeria matxistaren kontrako foru legeak hala xehatzen du. Gobernuak erantsi du erabat «baztertzen eta gaitzesten» dituela hilketa eta emakumeen kontrako indarkeria guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.