Hezkuntza

Hezkuntza Sailak eten egin ditu Irale programako ikastaroak

Zirkular baten bidez jakinarazi dio Hezkuntza Sailak Iraleri. Urtarrilaren 28ra arte, etenda izango dira ikastaroak, egoera epidemiologikoarengatik, eta erabakia berrikusiko dute orduan. Gaixo agiria duten irakasleen kopuru handiarekin lotuta dago erabakia.

Iralen egindako murrizketak salatzeko elkarretaratze bat, 2020ko udan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 12a
15:43
Entzun

Irakasleak euskalduntzeko Irale programako ikastaroak eten egin ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Iraleko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez. Zirkular baten bidez jaso dute Iralen erabakiaren berri. «Pandemiaren egungo egoeraren eta ordezkapenak betetzeko beharraren» ondorioz hartutako erabakia dela azaldu du sailak bertan. Agiriak zehazten du Irale programarako liberatutako irakasle guztiak bihar bertan «beren erreferentziazko ikastetxeetara» itzuliko direla, eta lanpostu horretan egongo direla urtarrilaren 28ra arte, egun hori barne. Gainera, epe horretan ikastaroak berriz hasteari buruzko informaziorik eman ezean «etenda jarraitzen dutela ulertuko» dela dio gutunak.

Urtarrilaren 31n berrekingo diete Iraleko klaseei, betiere «egoerak hobera egingo balu». Iraleko irakasleak ordezkatzen ari direnei dagokienez, Hezkuntza Sailaren gutunak dio eutsi egingo zaiela «ikastetxeetan egindako ordezkapenetarako kontratatutako pertsonen kontratuei». Horrela, espero du «zentro batzuen egoera arintzea» eta «ordezkapenen estaldurak beste batzuetan egin ahal izatea».

Gaixo agiriarekin dauden irakasleen kopuru handiarekin lotuta hartu du erabakia Hezkuntza Sailak: «Pandemia dela eta, ikusi dugu irakasleetan bajak daudela, eta, egoera horri aurre egiteko, erabaki dugu ikastaroak etetea». Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo jakinarazi zuen 1.350 zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera horretan zeuden irakasleak, eta horiek utzitako hutsuneak betetzeko ahaleginean ari dela Hezkuntza Saila. Gaur, ordea, Iraleren jarduna geratzeko erabakia jakinarazi baino ordu gutxi lehenago, baja kopurua «zertxobait txikiagoa» dela adierazi du, Ser kateari emandako elkarrizketa batean, eta, horrenbestez, hutsuneak «egonkortzen» ari direla. Halaber, «ia baja guztiak» estalita daudela esan du. Ordezkapenak egiteko sistema ere defendatu du Bildarratzek. Haren arabera, «zerrenda oso zabalak» daude, eta, horrez gain, hutsuneei «egun batetik bestera» erantzuteko gai da sistema informatikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.