Hezkuntza

Gazteei «terrorismoaren» eta haren ondorioen inguruko prestakuntza ematea babestu dute Nafarroan

DBHko ikasleen artean eginiko ikerketa baten emaitzak aztertu dituzte Nafarroako Parlamentuan. 1.156 ikaslek parte hartu dute, ikasle guztien %4k.

Ikerketaren inguruko iritzi ezberdinak partekatu dituzte alderdi politikoetako ordezkari politikoek. JESUS DIGES/ EFE
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 12a
15:58
Entzun

Luis Campos Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendariak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, herrialdeko DBHko ikasleen artean motibazio politikoko indarkeriaren ezagutzari buruz eskatutako azterlanaren emaitzak aurkezteko. Online inkesta horretan 1.156 ikaslek parte hartu dute, ikasle guztien %4k. Haren ustez, «oso lagin esanguratsua» da. Alderdi politiko guztiek «terrorismoaren» eta haren ondorioen inguruko prestakuntza ematea babestu dute. Halere, ikerketaren inguruko iritzi ezberdinak trukatu dituzte alderdi politikoetako ordezkari politikoek. Navarra Sumak gazteriari «bertsio zintzo, zehatz eta osoa» ematearen alde egin du. PSNk defendatu egin du ikasgeletan terrorismoari buruzko unitate didaktikoak sartzea, eta Geroa Baik «lan espezifikoago eta osatuago» bat eskatu du. EH Bilduk, berriz, zalantzan jarri du inkestaren «adierazgarritasuna».

Hezkuntza Departamentuak «terrorismoaren prebentziorako eta memoriarako unitate didaktikoak» martxan jartzeko borondatearekin lotutako ikerketa bat izan da, eta ikasleek indarkeriari buruz zer ezagutza duten jakiteko «abiapuntu» gisa aurkeztu dute. Gainera, Camposek azpimarratu duenez, «terrorismoaren fenomenoari buruzko ezagutza hobetzeko aurrerapenen ebaluazio jarraitua» izan da.

Azterlanaren arabera, % 79k giza duintasunari erasotzen dion indarkeria arbuiatzen dute, emakumeen artean «sentsibilitate handiagoarekin». Hala ere, Camposek nabarmendu du lautik batek (%26) justifikatzen dutela indarkeria egoeraren batean. «Aukera politiko, erlijioso, kultural edo sexual jakin batzuen aurrean jarrera bortitzak izan ditzaketen gazteak aurki ditzakegu», azpimarratu du.

Beste datu garrantzitsu bat ikasleek arlo horretan duten «ezjakintasun handia» da. % 54k diote ez dutela terrorismoaren berri; % 47k gutxi dakitela, eta %7k, berriz, ez dakitela ezer. Inkestatuen «%57k badakite ETA zer izan zen». Bereziki azpimarragarria da «ETArekin zerikusirik ez duten indarkeriak» –GAL, eskuin muturra eta jihadista– ez ezagutzea. Horren harira, Camposek uste du belaunaldi berriek ez dutela indarkeriarekin lotutako «iraganaren zati garrantzitsu bat» ezagutzen.

Azterlanak hainbat gomendio biltzen ditu: besteak beste, unitate didaktikoak abian jartzea. Halaber, irakasleak arlo horretan «prestatzea, terrorismoaren fenomeno berriei heltzea eta ezagutza sakona izatea» gomendatzen du; «indarkeria deslegitimatzeko tresna gisa». Horrekin batera, Camposen iritziz, «komunikazio mekanismo berriak» behar dira, bai erakunde publikoentzat, bai gizarte zibilarentzat, gazteen artean memoriari, justiziari eta erreparazioari buruzko lanak sustatzeko.

Alderdien erreakzioak

Ikerketaren emaitzak aurkeztu ostean, alderdi politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Iñaki Iriarte Navarra Sumako bozeramaileak galdetu du ea lagina adierazgarria den, «1.156 ikaslek bakarrik» egin dutelako, eta ohartarazi du «hala ez bada diagnostikoa okerra» izan daitekeela, eta «arazoa», handiagoa edo txikiagoa. Haren iritziz, ikerketa zuzena da ondorioetan: «Gure gazteek ezer gutxi dakite terrorismoaz». Horretarako, «helduak bezala tratatzearen alde» agertu da, «eta ez hezitako bertsio bat ematearen alde, baizik eta berunezko gure urteen bertsio zintzo, zehatz eta osoa, beren ondorioak osatu ahal izan ditzaten, terrorismoa arbuiatuz, muturreko guztiak kritikatuz eta giza eskubideak baldintzarik gabe errespetatuz».

Jorge Agirre sozialistak, berriz, uste du ikerketa «oso lan ona» dela alde teknikoagatik eta erantzunen «bat-batekotasuna» bilatzeagatik. Era berean, nabarmendu du bat egiten duela Nafarroako Gobernuaren beste ekintza batzuekin, eta erakusten duela «inoiz baino beharrezkoagoa dela ikasgeletan terrorismoaren azterketa eta horren ondorioak sartzea».

Maria Solana Geroa Baiko ordezkariaren ustez, «deigarria» da azterlan horretan Bake eta Bizikidetza Zuzendaritza ez egotea, bera baita «gai horien arduraduna». Eta Geroa Baik behin gobernuan sartuta memoria historikoa eta oraintsukoa berreskuratzeko egindako «apustu garbia» goraipatu du. Era berean, beharrezkotzat jo du Nafarroan «lan espezifiko» bat egitea azken hamarkadetako memoria jorratzeko.

EH Bilduren izenean, Bakartxo Ruizek nabarmendu du «ageriko beharra» dagoela gaiaren inguruan gazteekin lan egiteko: «Indarkeriek sortutako gatazkak gaindituko dituzten harreman eta bizikidetza eredu berriak eraiki behar dira». Halere, zalantzan jarri du inkestaren adierazgarritasuna, eta ohartarazi du gazteek terrorismoaren inguruan duten ezjakintasuna baliatuz «egiaren zati bat ezkutatzeko, indarkeria sustatzeko edo terrorismo batzuk ukatzeko estrategiak» aurki daitezkeela.

Azkenik, Ezkerra taldeko Marisa de Simonek beharrezkotzat jo du curriculumean gaia sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.