Musika

Ronnie Spector abeslaria hil da

The Ronettes taldea gidatu zuen 1960ko hamarkadan, eta klasiko bilakatu diren hainbat abesti abestu, 'Be My Baby' eta 'Baby, I Love You', besteak beste.

Ronnie Spector, 2010eko argazki batean. JUSTIN LANE / EFE
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 13a
10:34
Entzun

Veronica Yvette Bernett izenarekin jaio zen New Yorken, baina Ronnie Spector izenarekin pasatu da historiara. Izena The Ronettes taldeak eman zion, eta abizena, berriz, Phil Spector ekoizle ezagunarekin ezkondu izanak. 1960ko hamarkadaren hasieran, AEBetan nesken ahots taldeak ugaritu zirenean (The Crystals, The Shirelles...) eta soul musika bere unerik gorenetako batean zegoenean, The Ronettesek izugarrizko arrakasta lortu zuen, ez bakarrik AEBetan, baita mundu osoan ere. Bi kantu izan ziren horretarako bidea, biak ala biak gerora hamaika bertsio izan dituztenak eta denborarekin pop musikaren klasiko bihurtu direnak: Be My Baby eta Baby, I Love You.

[youtube]https://youtu.be/jrVbawRPO7I[/youtube]

Estelle ahizparekin eta Nedra Talley lehengusinarekin The Darling Sisters taldeasortu zuen Ronnie Spectorrek 1957an, eta 1963an, Phil Spectorren Philles Records zigiluarekin kontratua sinatu ostean, izena aldatu eta The Ronettes gisa hasi ziren ezagun egiten. Urte hartako abuztuan bertan kaleratu zuten Phil Spectorrek idatzitako Be My Baby, eta berehala arrakasta handia lortu zuen. «Gure bizitzak 180 graduko aldaketa izan zuen», adierazi zuen gerora kantariak.

Hurrengo bi urteetan hainbat kantu ezagun grabatu zituzten, guztiak Phil Spectorren gidaritzapean: (The Best Part of) Breakin' Up, Do I Love You, Walking in The Rain... Baina, era berean, talde barruan ere lehen hausturak gertatu ziren. Ekoizleak Ronnie bultzatu nahi zuen, eta handik aurrera single guztiak The Ronettes featuring Veronica izenpean kaleratu zituzten, kantari nagusiaren rola indartu nahi baitzuen Phil Spectorrek. «Horrek eragin handia izan zuen taldean. Ni joan nintzen Kaliforniara diskoen ahots nagusia grabatzera; ni elkarrizketatu nahi ninduten irratietan; nik jasotzen nituen hitz polit guztiak, eta, gainera, ekoizlea nitaz maiteminduta zegoen».

[youtube]https://youtu.be/tBBys5TLxCI[/youtube]

Single ugari argitaratu ostean, 1967an taldea banandu egin zen, eta Ronnie Spectorrekin ezkondu zen. Hortik aurrerakoa, baina, «infernu» bat izan zen harentzat, ekoizleak ez baitzion apenas uzten etxetik irteten. 1972an banandu egin ziren.

Atzo hil zen Ronnie Spector, 78 urterekin; haren ingurukoek adierazi dutenez, minbiziaren ondorioz.

The Ronettesek 60ko hamarkadan grabatu zituen kantu ugariren bertsioak egin dituzte urte hauetan guztietan. Ramones taldeak, esaterako, Baby, I Love You kantuarena grabatu zuen End of The Century (1980) diskorako, hain zuzen ere Phil Spectorrek ekoitzi zuen albumerako.

[youtube]https://youtu.be/AGlZwwtp92A[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.