Protesta Baionan, izurriaren kudeaketak hezkuntzan eraginiko nahasmena dela eta

Greba eguna dute Ipar Euskal Herrian, Frantziako Hezkuntza Ministerioa osasun krisian egiten ari den kudeaketa salatzeko

Jendea, Baionako suprefeturaren aitzinean bilduta. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 13a
11:50
Entzun

Jende andana biltzen ari da Baionako suprefeturaren aitzinean, Frantziako Hezkuntza Ministerioa osasun krisian egiten ari den kudeaketa salatzeko.

Greban izango dira irakasleak eta ikastetxeetako langileak gaur Ipar Euskal Herrian. LAB, FSU 64, SE-UNSA 64 eta FNEC-FP-FO 64 sindikatuek egin dute deialdia, eta 11:00etarako eman dute protestarako deia, Baionako suprefeturaren aitzinean. Hezkuntza arloko langileek ikastetxeetako osasun protokoloa ezarri dute jomugan; Frantziako Gobernuaren eta batez ere Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kudeaketa salatu dute. Sindikatuen arabera, gurasoentzat eta irakasleentzat «ia ezinezkoa da» protokoloa betetzea, hurbileko kontaktu diren ikasleentzat batik bat.

Irakasleak euren lana egiten aritu beharrean haurren gaitzen jarraipenean eta bestelako lan burokratikoetan dabiltzala salatu du Patxi Tikoipe Bidarteko eskola publikoko irakasleak.

Hezkuntza eragileen haserrea ikusita, Jean Castex Frantziako lehen ministroak protokoloa arindu zuen herenegun, baina sindikatuek esan dute «neurri txikiekin» ez dutela egoera hobetuko. Iparraldeko herriko etxe zenbaitek iragarria dute haurren zaintza zerbitzu minimoa plantan jarriko dutela gaur eskola publikoetako ikasleentzat, hala nola Angelun, Bidarten eta Baionan (Lapurdi). Seaskan ere greba izanen da, eta ikastola batzuk hetsita geldituko direla aurreikusten dute. Sail pribatu giristinoan ere irakasle zenbaitek greba eginen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.