Gazte mugimendua

Ernaik Zugarramurditik Elizondora eginen du gazte martxa, udaberrian

Apirilaren 14an abiatuko da, eta biharamunean ailegatuko da Elizondora: egitarau politiko eta musikala izanen dute han, bi egunez. Apirilaren 17an emanen diote akabera 'BostEHun eta zutik!' lelopean antolaturiko egitasmoari, Iruñean eginen den Aberri Egunean. «Gazteria independentistaren topalekua» izatea nahi dute.

Ernaik udaberrian eginen duen gazte martxa eta jaialdiaren aurkezpena, gaur, Elizondon. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 13a
12:13
Entzun

«Gazte independentisten urteroko topalekua» da udaberriko egitasmoa, Ernairen arabera, baina, COVID-19aren ondorioz, bi urtez halakorik egin gabe egon behar izan dute. Ezker abertzaleko gazte antolakundeak espero du aurten egin ahal izanen dutela, ordea: «Bi urteko geldialdiaren ostean, Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea izango da», adierazi dute Ernaiko kideek gaur Elizondon (Nafarroa) egin duten agerraldian.

Gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituzte, iragarri dutenez: apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko dira, Erratzun eginen dute geldialdia, eta Elizondora ailegatuko dira biharamunean, han kontzertu eta ekitaldi politikoei ekiteko. Apirilaren 17an Iruñean eginen den Aberri Egunean bukatuko dute egitasmoa.

BostEHun eta zutik! lelopean antolatu du Ernaik hiru egunetarako egitaraua, eta ez da kasualitatea Baztanen kokatu izana: «Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela aldarrikatuko dugu». Efemeridea aitzakia gisa harturik, aitzinera begira jarri nahi du gazte antolakundeak, izan ere. Adierazi dutenez, «euskal errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada» irudikatu nahi dituzte gazte martxaren eta jaialdiaren bidez: «Bestelako Euskal Herri bat posible delako: feminista, justua, ekologista... Eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska gazteen taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan...».

Musika taldeak

Iragarri dutenez, hainbat hitzaldi eta tailer emanen dituzte egitasmoan, baita aisialdirako eskaintza ere, eta ortzirale eta larunbatean musikak hartuko du «erdigunea». Kontzertuak antolatu dituzte horretarako, eta aitzinatu dituzte jada hainbat talderen izenak: Xiberoots, Herdoil, Perlata, Iheskide eta Tribade izanen dira Elizondon, bertzeak bertze. Hemendik aste batzuetara emanen dute egitarau osoaren berri, eta orduan jarriko dituzte sarrerak ere salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.